Bidasoafolk 2007k hainbat tokitako musika tradizionalak bilduko ditu
Zazpi talde eta bakarlari arituko dira Txingudiko badian abuztuaren 24tik 26ra arte, asteburu osoan kalitatezko musika eskaintzen. Carlos Nuñez gaita-jotzaile galiziarrak, Akli D musikari aljeriarrak eta, Euskal Herritik bertatik, Ruper Ordorikak parte hartuko dute, besteak beste. Horiez gainera, Norvegia, Eskozia, Albazete eta Murtziatik etorritako artistak izango dira Bidasoaldeko Irun, Hondarribia eta Hendaia herriak erritmo desberdinekin girotzen.
Arrate ETXEBARRIA | IRUN
Musika tradizionalaren topalekua da Bidasoafolk 2007 eta abuztuaren 24an hasi eta 26an bukatuko da aurten. Hiru egunetan, Europako hainbat tokitatik eta Afrikako iparraldetik etorritako zazpi bakarlari eta musika taldez gozatu ahal izango du Txingudiko badiara hurbiltzen den pertsona orok. Besteak beste, Eskoziatik, Norvegiatik eta Aljeriatik bertaratutako musikariak ikusi ahal izango ditugu Hondarribia, Irun eta Hendaia herrietan.
Jaialdi horren helburuetako bat, Euskal Herriko folklorea hedatzea eta ezagutzera ematea da. Horretarako bide aproposenetariko bat, ezbairik gabe, musika da eta, zehatzago izateko, herri musika. Gainera, herri honetan hain ezagunak ez diren musika adierazpenak ezagutzera emateko aukera paregabea emango du jaialdi horren VII edizioak. Doinu eta erritmo desberdinek inposaturiko muga gainditu egingo dute eta eremu bietan tradizio desberdinetatik jaiotako musika entzungai izango da ekimen horri esker.
Mundutik Euskal Herrira
Carlos Nuñez galiziarra da jaialdi horretako artistarik ezagunenetarikoa. Ostiralean izango da Irungo Euskal Jai frontoian 22.00etatik aurrera. Gaitaren nondik norakoak maisuki ezagutzen ditu artista horrek. Horren adierazle argia da Grammy bat irabazi izana, The Chieftains taldearekin egin zuen lanagatik. Mundu osoan ezaguna da bere musika eta, kasu honetan, «Cinema do mar», bere azken diskaren doinuak eskainiko ditu Irungo frontoian.
Egun horretan bertan, Eskoziatik etorritako Phamie Gow harpa-jotzailea izango da Hendaiako Abadia Gazteluan, arratsaldeko 19.00etan. Ordu eta erdi beranduago, Irungo kaleak animatuko dituzte Albaceteko «Tamborrada de Hellin»eko kideek. Baina Irungoa ez da izango azken horiek izango duten emanaldi bakarra, izan ere, larunbatean Hondarribian eta Hendaian ere izango baitira. Danborrada horiek oso ospe ona dute eta 20.000 lagun inguruk parte hartzen dute. Hala ere, Euskal Herrira ez dira partaide guztiak gerturatuko.
Bestalde, larunbat gaueko izarra Akli D aljeriarra izango da. Hendaiako Daniel Ugarte frontoian arituko da gaueko 22.00etan. Akli Dk Aljeriatik ihes egin zuen «Udaberri berberea» deituriko garaian. 1980ko errebolta horrek sarraski izugarria suposatu zuen berbereentzako. «Ma yela» (itxaropena) da bere azken lanaren izena, Manu Chaoren laguntzarekin ekoitzi duena. Bere musikak Ipar Afrikako doinuak ditu bai eta rock, blues eta reggae ukituak ere.
Bidasoafolken zazpigarren edizio honetan arituko den Euskal Herriko ordezkaria Ruper Ordorika bakarlari oñatiarra izango da. Hondarribiko Banako aretoan joko du igandean, arratsaldeko 19.00etan. «Memoriaren Mapan» izeneko bere azken lanarekin arituko da batez ere Ordorika.
Horren ostean, Norvegiako melodien txanda helduko da. Majorstuen taldearen agertokia Hondarribiko Gipuzkoa plaza izango da. Gaueko bederatzietan dute hitzordua. Seikote horrek Norvegiako musika tradizionala jotzen du. «Manuel Luna y la cuadrilla maquilera» murtziarrek jaialdia itxiko dute euren emanaldiarekin. Hondarribiko Gipuzkoa plazan izango dira, gaueko 21.00etan.
Kontzertuetarako sarrera dohainik izango da. Hala ere, edukiera mugatua izango da, batez ere, barrualdeetan eskainiko diren emanaldietan.