GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kale erasoak eragozteko neurri polizialak proposatu ditu Elorzak

Asteartean Donostiako Parte Zaharrean izandako istiluen ondotik egindako adierazpenak berretsi zituen atzo Odon Elorza alkateak. Gainera, kale erasoak saihesteko hainbat neurri proposatu eta «dagokionari» helarazi dizkiola esan zuen. Haren ustez, erasoak ezin dira «kontu arrunt» gisa hartu eta, zentzu horretan, «kontrol neurriak» ezartzea galdegin zuen.

GARA |

Astearte gauean Donostiako Alde Zaharrean izandako istiluen ondoren, bertako alkate Odon Elorzak egindako adierazpenek hautsak harrotzen jarraitzen dute oraindik ere.

Elorza Juan Jose Ibarretxeri zuzendu zitzaion eta, Balzaren Poliziaren eraginkortasuna zalantzan jarri ostean, kale borroka erasoak saihesteko neurri guztiak ezartzeko galdegin zion. Ser irrati katean atzo egindako elkarrizketan, Donostiako alkateak mezua berretsi egin zuen.

Hala, eraso horiek eragozteko hainbat neurri proposatu ditu eta «dagokionari» helarazi dizkiola esan zuen. Hala eta guztiz ere, neurri horien nondik norakoak azaltzeari uko egin zion, halako kontuak «publikoki hitz egiteko ez direla» argudiatuta.

Gainera, Donostiako Parte Zaharra ez dela auzo «erraldoia» nabarmendu zuen, haren aburuz ez baita «Harlem».

Horiek horrela, kale erasoak eragozteko «hainbat kontrol neurri ezarri» beharko liratekeela deritzo. Neurri horien bidez, «kaputxadunak nondik ateratzen diren, molotov koktelak non eskuratzen dituzten edota gero non ezkutatzen diren» jakiterik izango zela nabarmendu zuen.

Astearte gauean Bulebarrean hainbat ezezagun autobus bat erretzen saiatu eta gero, Parte Zaharrean molotov koktelak eta harriak jaurtita, berrogei bat gazteren eta Ertzaintzaren arteko istiluak izan ziren bi orduz. 02:00etan, halaber, Juan de Bilbao kalean jendeari oldartu eta hainbat zauritu eragin zituen Ertzaintzak.

Horren ondotik, Elorzak asteazkenean bertan egindako adierazpenak, ordea, ez ditu ongi hartu Ibarretxeren Exekutiboak. Barne Saileko buru Javier Balzak azkar ekin zion Elorzari erantzuteari eta bere mezua «demagogikotzat» jo zuen. Gainera, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kale erasoak saihesteko lan «andana» egiten dutela nabarmendu zuen.

Atzoko elkarrizketan, ordea, Balzaren erantzuna ere aztertu egin zuen Elorzak, eta «garratza eta desegokia» dela nabarmedu zuen. Haren ustez, Donostiako jaietan gertatzen diren kale erasoak ezin dira «normaltzat» hartu eta horiek eragozteko «irudimena eta adimena areagotzeko» deia egin zuen.

Adierazpenekin bere lana baino ez duela egin esan zuen Elorzak: «Herriaren alde egitea».

Udaltzainek kaputxadunei pistolaz apuntatu zietela salatu dute

Asteartean Bulebarrean

autobus bat erretzen saiatu zirenak adierazitakoaren arabera, 40 lagun izan ziren erasoa egiten. Hori gertatzen ari zenean autobusa martxan jarri eta haietako batzuk ia harrapatu zituela adierazi dute eta, gainera, udaltzain batek pistola atera eta kanoia kaputxadunenganantz zuzendu zuela salatu dute, GARAri egindako dei baten bidez.

Erasoa azken asteetan gertatutako atxiloketa eta eraso ezberdinei «erantzuteko» asmoz egin zutela adierazi dute egileek. Era berean, ondorenean Ertzaintzarekin izandako istiluak «PNVren polizia zipaioaren aurrean herri honen haserrea modu zuzenean» erakusteko egin zutela esan dute. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo