GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Gora suak eta izozkiak!» esan eta agurtu egin dira piratak

Eskerrik asko Odon! Eskerrik asko parte hartzea bultzatzen duen Aste Nagusi herrikoia antolatzeagatik! Eskerrik asko gazteen elkarguneak eta ametsak suntsitzeagatik! Gora Donostia! Gora suak! Eta nola ez, gora izozkiak!»

p026_f01_321x213.jpg

Oihana LLORENTE

Zazpi eguneko parrandaren ostean, bestondo izugarriarekin esnatu zen atzo Gipuzkoako hiriburua. Begizuloak nagusi, sabela ere nahasia eta poltsikoa pobre. Baina, horrek guztiak ez zituen donostiarrak kikildu eta gorputza goxo-goxo estaltzen zuten maindireetatik askatu eta festen azken egunari aurre egiteko janzten hasi ziren. Eta ez nola edo hala, gainera.

Armairuko azken txokoan ondo gorderik zituzten traje eta soineko lirainen eta dotoreenak atera, eta harribitxiz apaindurik irten ziren kalera, belle epoque erara, jaiei dotore agur esan eta Donostiako Aste Nagusia bezalako jai zoragarriak prestatzen dituen Udalari omenaldirik beroena emateko.

17.00etan eta Udala parez pare zutela Donostiako Piratek «irrikitaldia» egin zuten. Umorez eta ironiaz beteriko protesta ekimena, hain zuzen ere. Bulebarreko kioskoa izan zuten agertoki eta bertara igo zituzten Donostiako alkate Odon Elorza, burua ezin distiratsuago, eta bere Gobernuko Parte-Hartze arduradun Duñike Arrizabalaga. Izozki erraldoiak oparitu eta, pozaren pozez, txarangaren laguntzarekin dantzari ekin zioten, ikusleak «Odon, Odon!» oihu bizika ari zirela.

Aurtengoan hiru arrazoi aukeratu dituzte bi pertsonaia horiek omentzeko. Lehena, gaztetxeak. Loiolako gaztetxea, be- rriki hutsarazi dutena, eta Intxaurrondokoa, arrisku bera duena, izan zituzten gogoan eta euren eskerrik beroenak eman zizkioten Odon Elorzari, gazteen elkarguneak eta ametsak «suntsitzeko» lan gogorra egiten ari delako. Donostiako Aste Nagusia prestazeko xedez Udalak azaroan antolatutako tailerrak ere ez ziren kritikatik salbu egon; ekimen horiek «herritarrei aurpegira barre egiteko helburua» zutela adierazi zuten.

Azken arrazoia, ordea, hauteskundeak izan ziren eta «guztien demokrazia sutsuki defendatzeagatik» omendu zuten beste behin ere alkatea.

Ironia eta umorea nagusi izan zituen omenaldian, ordea, itsaso urrunetan gatibu dituzten pirata donostiar guztiak gogoan izan zituzten bildutakoek.

Ekitaldia amaitzeko, ezker eskua goratuta eta gorputza tentetuta «Txuri-urdin, txuri-urdin maitea...» kantatzeari ekin zioten bildutako pirata dotoreek, ikusle eta atzerritarren barre algarak sorrarazita. Alde Zaharrean barna zabaldu zuten giroa ondoren, bertatik «paseilloa» egin baitzuten Udalbatzak, gotzainak eta elizmutilek.

Bost urte igaro dira Donostiako Aste Nagusiaren gabezien aurrean 8 gazte asanbladak, Parte Zaharreko 20 tabernaren sustenguarekin, herri jaien aldeko mugimendua pizteko lanari ekin ziotenetik. Bost urte igaro dira Donostiako Piratak esnatu zirenetik. Bost urtean ordea, abant egin dute pirata donostiarrek eta lortutako altxorrak ere handiak izan dira.

Aurtengoak berea eman du. Donostiako Aste Nagusia atzo agurtu zen Donostiaz eta, nola ez, hiria bisitatzen duten turistez. Baina iritsiko da beste bat. Bere su-festekin, bere izozkiekin... eta, noski! Baita bere Piratekin ere.

Mendeak loaldian eman ostean, duela bost urte esnatu ziren piratak, baina ez dute berriz ere lo hartzeko asmorik; euren loraldian dira eta etekina aterako diote. Atzo eskerrak eman zizkioten beren alkateari eta herritarrei, aldiz, hurrengo urtera arte esan.

Beren galeoiak hartu eta Donostiari agur esan zioten baina hurrengo urtean itzuliko dira eta, gainera, Aste Nagusi herrikoiago, parekideago, euskaldunago eta parte-hartzean oinarritutako batekin etorriko direla zin egin zuten atzo Donostiako pirata gazteek.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo