Harri-jasotzea Igeldoko Harria
Izeta II.ak ez du hutsik egin eta berriz ere nagusitu da
Aiarra min hartuta ibili da eta zalantzan egon da azkenera arte, baina inork ez du mendean hartu
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Ez zen ezustekorik izan eta Izeta II.ak lortu zuen atzo Donostian Igeldoko Harriarekin jokatzen duten lehiaketako txapela. Aiarra min hartuta ibili da, zalantza izan da azken unera bitarte, baina azkenean txapela berea izan da, nahiz eta azkenaldian dituen arazo horiek ez zioten utzi bere mailarik onena ematen. Azkenean, 13 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean.
Jendez gainezka egon zen Donostiako Trinitate enparantza saio hori zuzenean jarraitzeko. Kirolariek, berriz, 134 kiloko harri baldarra berdindu behar zuten bizkarrean, eta bost minutuko txanda bakarra zuten horretarako.
Izeta II.a izan zen nagusi. Bera zen faborito beste guztien gainetik, eta ez zuen hutsik egin. Izetatarrak, gainera, ez daude haserre egoteko moduan, Izeta III.a izan baitzen bigarren eta beren ikaslea, Eizmendi, hirugarren. Bigarren sailkatuak eta hirugarrenak hamaikana jasoaldi eman zioten, baina araudia beteta, Izeta III.a izan zen bigarren, berak Eizmendik baino kilo gutxiago pisatzen baitu. Hala ere, bi kirolariek lan bikaina egin zuten, Elosukortak egin zuen bezalaxe.
Atzoko ezustekorik handienetakoa Ostolatzak eman zuen. Zestoarra irabazteko faboritoen artean zegoen, baina seigarren postuarekin joan behar izan zuen etxera. Bederatzi aldiz berdindu zuen Igeldoko Harria bizkarraren gainean, Telleria II.ak bezala, baina horrek Ostolatzak baino pisu txikiagoa du, eta aurrea hartu zion amaierako sailkapenean. Dena den, Ostolatzak zaintiratu bat izan zuen besoan, eta horrek ez zion lana behar bezala egiten utzi. Gainerakoan, aurrez ikus zitezken postuak izan ziren. Agian Patxi Larretxeak gehiago egin zezaken, baina azken egun hauetan tripatakoak jota egon da.