GARA > Idatzia > Kirolak

sega

Otaegi eta Azpiroz bikotea Etxeberria baino hobeto aritu zen

J.L. | DONOSTIA

Bikoak irabazi zuen herenegun arratsaldean Zizurkilen jokatu zuten sega apustua. Beraz, Otaegi eta Azpiroz, Etxeberriaren gainetik izan ziren.

Sekulako jendetza batu zen Zizurkilen sega apustua bertatik bertara ikusteko asmoarekin. Ordubete zuten kirolariek lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien batzen zutenek irabaziko zuten. Etxeberria betiko eran aritu zen lanean, zorroztaile batekin. Bikoteko kideek, berriz, sega berek zorroztu behar zuten. Gainera, maila bat hasten zuenak, berak amaitu beharra zuen, nahiz eta gero aldaketa nahi zutenean egin zezaketen. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen zituen dirutan.

Belardia ongi zegoen, baina belarra arin samar zegoen. Aspaldian ez du euri asko egin, eta hori belardietan nabari da.

Alde txikia

Lehian aritu ziren segalariak berriak ziren, nahiz eta Etxeberriak besteek baino eskarmentu handiagoa izan. Gipuzkoako eta Euskal Herriko Txapelketetan aritutakoa da, baina besteak erabat ziren berriak.

Horrek zalantzak pizten zizkien zaletuei, izan ere eskarmentua garrantzitsua baita kirol honetan, eta Etxeberriak, gainera, zorroztaile bat zuen. Hala ere, bi beti bi izaten dira, eta hori argi ikusi ahal izan zen.

Sailetan, beti bikoa izan zen aitzinetik, maila pare bateko aldearekin, baina Amasakoa beheragotik mozten ari ote zen susmoa zegoen, eta bera irabazten ari ote zen ere bai.

Azken minutuetan, ordea, bikoak gora egin zuen eta aldea handiagotu ere bai; hortxe lortu zuten apustua bereganatzea. Ordubeteko lanaren ostean, Otaegik eta Azpirozek 1.194 kilo belar moztu zituzten, eta Etxeberriak, berriz, 1.140 kilo. Amaieran beraz, bikoa nagusi, baina jendeak emandako erantzuna nabarmentzekoa izan zen, zaletuek apustuak oso gustuko baitituzte, eta herenegun berriro ere frogatu zen hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo