GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ertzain baten emaztearen dendari eraso diote Barakaldon, eta BBK-ko bi kutxazaini, Arrigorriagan

GARA | BARAKALDO

Igandetik astelehenera bitarteko gauean bi eraso jazo ziren Bizkaian. Lehenengoa Arrigorriagan gertatu zen igandean, 23.30 aldera; hainbat ezezagunek BBK-ko bulego bateko bi kutxazainen aurka hainbat molotov koktel jaurti zituzten. Bigarrena, berriz, 2.00ak aldera gertatu zen Barakaldon, eta ertzain baten emaztearen dendaren aurka bost bat molotov koktel jaurti zituzten. Lakuako Barne Sailak azaldutakoaren arabera, kalte materialak besterik ez ziren jazo.

Ertzaintzak azaldutakoaren arabera, Arrigorriagako Urgoiti kalean dagoen BBKren bulego atariko bi kutxazaini eraso zieten igandean, 23.30 aldera. Barne Sailaren esanetan, kearekin belztuta gelditu dira bi kutxazainak, baina ez da kalte material handirik izan.

Bigarren sabotajea ere molotov koktelak jaurtita egin zuten 2.00ak inguruan, Barakaldon. Horretan, ostera, ertzain baten emaztearen denda izan da erasoaren jomuga. Ertzaintzaren arabera, erasoa Arteagabeitia auzoan izan zen; hain zuzen ere, arropa denda baten aurka. Bost molotov koktel jaurti zituzten haren kontra; ondorioz, hainbat kristal apurtu ziren eta dendaren kanpokaldea belztu zen, baina ez zen kalte material handiagorik izan. Suhiltzaileak bertaratu ziren eraso zioten dendara, baina ordurako sugarrak itzalita zeuden.

«Elkarrizketak ez du balio»

Arrigorriagako eta Barakaldoko sabotajeen karietara, Eusko Alkartasunak eta PPk kritika zorrotzak egin zituzten ekintzaileen aurka.

EAk, zehazki, modu «zuzenean» salatu zuen Barakaldon ertzain baten emaztearen dendaren aurka egindako erasoa. Alderdi abertzalearen esanetan, «biolentzia adierazpen guztiak dira deitoragarriak», eta horrez gainera, horrako ekintzen gisakoek Euskal Herriko «elkarbizitza eta klima politiko-soziala desitxuratzen dute».

Barakaldoko PPko bozeramaile Amaya Fernandezen hitzetan, berriz, eraso horiek argi adierazten dute «elkarrizketak ez duela inora eramaten». Alde horretatik, Fernandezen ustez, ekintzon bidez agerian gelditzen da «terroristek, inpunitate osoarekin, nahi dutena egin dezaketela», eta, ondorioz, «ETA eta bere ingurua garaitzea dela bidea».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo