Bilboko jaietan txosnak dira parodiaren maisu, kezkak eta salaketak umorez adierazteko tokia
Bilboko jaiak hain berezi egiten dituen elementu bat aukeratu beharko bagenu, ezbairik gabe, txosnak izango lirateke. Bakoitzak bere mezu, esaldi, marrazki eta apainketa berezia du, baina guztiek dute zerbait komu- nean: gizartearen aurrean zerbait salatzeko gogoa. Arreta bereganatzen jaun eta jabe dira.
Ianire RENOBALES
Arriaga antzokia aipatu behar dugu berriz; izan ere, haren inguruetan jartzen dituzte txosna ia guztiak. Horietan, ogitarteko bat ederki jan dezake batek, edota, bestela, zurrutada batzuk hartu. Baina badute bigarren zeregin bat: konpartsakideen kezkak bilbotarrei eta bertaratzen diren guztiei argi eta garbi adieraztea. Horien artean, emakumearen aurkako indarkeria, euskal presoen falta, boterea dutenen handikeria edo aldaketa klimatikoa, besteren artean.
Bakoitzak bere ideiei irmo heltzen die
Trenez heldu gara Bilbora. Abandon kalera irten gara eta Arriaga antzokirako norabidea hartuta, lehenengo mezu esanguratsua topatuko dugu: «Berba librea». Algara konpartsara heldu gara. Adierazpen askatasunaren alde egiten dute bertako kideek, eta euskaraz idatzitako hainbat esaldik argitzen dute. Norbaitek ulertuko ez balitu, latinez ere helarazten digute mezua: «Pro libertate patria gens libera state».
Antzokiaren eta itsasadarraren artean zazpi konpartsa daude. Guztiek dituzte mezu batzuk komunean: ikurrinak, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko banderak eta AHTren aurkako salaketa. Peña Irrintzi da lehena. Athletic talderako zaletasuna berehala sumatzen da, dena zuri-gorri dago-eta. Horretan, honakoa irakur daiteke: «Dios sólo creo un equipo perfecto, a los demás les llevó extranjeros». Etxebe, Guerrero, Urzaiz eta Clementeren karikaturak dauzkate apaingarritzat. Hurrengoa Pa-ya konpartsa da. Pilo bat irudi elkarrekin nahasten dira baina atentzioa erdialdean dagoen sutzar batek ematen du. Bertan, ertzaina, zezenkaria, apaiza eta poliziakide bat erretzen ari dira. Askapeña konpartsa da hurrengoa. «Gora herrien borroka» eta «Israeli boikot» esaldiak irakur daitezke; konpartsakide horien kezkak, alegia. Kobetasmendi da aldamenean dagoen txosna. Dekoratu moduan baserri bat ezarri du. Balkoian Mari Jaia dago, dantzari batekin eta ikurrina heltzen ari den beste panpina batekin. «25 urte Aste Nagusian. Mari Jaiaren etxea defendituko dut» leloa darabilte. Hurrengoa, Kaskagorri. Barra atzean «Egin klick askatasunari» irakurtzen da, eta konpartsa horretan parte hartzen duten presoen irudiak eskegi dituzte. Alboan, Asterixen eta Obelixen marrazki erraldoi bat dago. Uderzok sorturiko pertsonaiak txosna horren sinboloak dira. Zergatik? Bi galiar horiek beti borrokatu izan zirelako erromatarren aurka; euren herria independente mantendu zutelako. Kaixo konpartsa da azkena. Morez eta «V» telesailaren parodia bat egiten dute.
Arriaga antzokia atzean utzi, eta karpa zuri erraldoi baten babesean dago Moskotarrak. Gizon eta emakume euskaldunen jantzi tradizionalak eskegi ditu aurten. Hainbat gai jorratzen ditu: Calatrava zubiaren auzia, Madrazo eta Izosaki dorreak, «House» telesaileko doktorea Athletic eta Real futbol taldeen arteko tirabiretan nahasita edo Joan Carlosi, Estatu espainoleko erregeari, burla. Altxa porrue da hurrengoa. Laranja kolorea nagusi da, eta euskara eta euskal kultura sustatu nahi dituzte kideek. Trantsizio bat irudikatu dute dekoratuan, euskaldunen ohiturak zanpatuta egotetik askatzen diren arte. Aurrean, Txinbotarrak konpartsa dago. «Zorrotza bizirik» lelopean, auzo horren alderdi onak aldarrikatu nahi dituzte. Alboan, hori kolorez Satorrak daude. «Alicia en el Bilbao de las maravillas» irudikatu dute. Bihotzen erregina Mari Jaia da eta Azkunari seinalatuz «¡Que le corten la cabeza!» dio. Pirataz beteriko txokoa Pirates taberna da, ezbairik gabe. Ondoan, Hau pittu hau. «Euskararik gabe Euskal Herririk ez» herri kulturaren alde egiten dute. Aldamenean, Eguzkizaleak eta ingurumenaren aldeko mezua: AHT Azkuna gidatzen ari da eta hura gelditu nahian, familia baserritar bat dago eusten. Txori barrote da hurrengoa eta amnistia exijitzen du presoen irudi askorekin. Txinatarren dekorazioa edonon; Pinpilinpauxen txosna da hori. «Fortuna» irakurtzen dugu ondoren. Hontzak eta aurtengo mezua: itsasadarra espazio nabigatzaile gisa aldarrikatu, eta Estatu espainoleko erregearen itsasontzia parodiatzen du. Hurrengo koloreak morea eta berdea. Mamiki txosnan «Erasorik ez erantzunik gabe. Autodefentsa» emakumeen indarkeriaren aurkako mezua jarri du. Eta norabide horretako azkena: Txomin Barullo. Aurten euren sukaldaritza taldeari egin diote omenaldia kubismo estiloa erabilita. Groucho Marx, haien maskota, marihuana legeztatzearen alde ageri da. Bizizaleek «Bero bero nauzu» leloaren bidez aldaketa klimatikoari buruzko kezka azaltzen dute. Mekaguen munduko herriak zatitzen dituzten harresien aurka ageri da «Harresiak birrindu» hitzekin. Sinkuartelek super heroiei omenaldia egiten die, eta azkenekoz, Lehoiak konpartsak ikasketen plan berriak salatzen ditu: «Espacio universitario europeo con sangre entra». Mezuak mezu, bakoitzak gogokoena aukeratu dezala.
GAUR: BILBO
09.00 Areatza. Gastronomia-lehiaketa: patata-tortilla.
12.00 Hontzak. Areatza Kaia. Hil gabeko korrokoi arrainketa.
13.00 Santiago plaza. Bertsolariak: Iratxe Ibarra, Jone Uria, Miren Amuriza eta Onintza Enbeita.
13.00 Euskalgunea. Umeentzako antzerkia: «Birusak erasoan» Ginol taldearekin.
13.30 Moskotarrak. Manda Huevos lehiaketa aurkeztuko du Carlos Soberak.
15.00 Areatza. XI. Mus Txapelketa.
18.00 Txomin Barullo. Aparra umeentzat.
19.00 Plaza Barria. Euskal dantzak. Bizkaiko Dantzarien Biltzarra. Gaztedi.
20.30 Txinbotarrak. Pote-kalejira Turutarra fanfarrearekin.
22.30 Su festen erakustaldia. Pirotecnia Peñarroja S.L. (Castello).
24.00 Plaza Barria. Karidadeko Benta. Musika mestizoa.
02.00 Pa... Ya. Giza kroketa txapelketa.