Estatu espainola berriz ere tortura susmopean
Mohammed Fashi, marokoar jatorrikoa baina Britainia Handian bizi zena, preso dago Estatu espainolean, beste hainbat bezala. Baina, era berean, beste hainbaten kasuan bezala, haren atxiloketaren osteko egunetan torturatu dutela salatu berri dute haren familiak eta defentsa talde legalak. Horiek adierazi dutenez, lau egunez torturatu zituzten polizia-etxean bera eta berarekin atxilotutakoak. «Terrorista suizidak biltzea egotzita», joan den urte eta erdiaz geroztik kartzelan dago. Guardia Zibilak ukatu egin du Fashi torturatu izana, baina zaila izango da hori frogatzea Estatuak susmorik ez sortzeko neurriak hartzen ez baditu, behintzat. Salaketa horrek, Clive Stafford-Smith giza eskubideetan espezializatutako abokatuak aurkeztutakoak, ikerketa zorrotza eskatzen du. Abokatuak berak esan duenez, Britainia Handiko Gobernuak Fashi Estatu espainoleko kartzeletatik ateratzeko neurriak hartu beharko lituzke, giza eskubideak baitaude jokoan, «ez britainiarren eskubideak, eta Londresko Gobernuak leku guztietan defendatu beharko lituzke giza eskubideak». Bide beretik, horrelako kasuek adierazten dute Londresko Gobernuak eta Europar Batasuneko gainerakoek euroagindua aplikatu baino lehen ondo hausnartu beharko luketela, atxilotuak halako eskubide urraketak gertatzen diren Estatu baten eskuetan uzteko aukeraz.