Hamaika urteren ondoren neurriz kanpoko zigorra betearaztea ez ote da mendekua?
Hamaika urte joan dira Itoitzekiko Solidarioak taldeko zortzi kidek urtegi hartako eraikuntza lanetako kableak moztu zituztenetik. Hamaika urte bost minutuko ekintza baketsu hura egin zutenetik. Baina ostiralean Julio Villanueva, ekintza harengatik kartzelatutako hirugarrena, atxilotu zuten. Horrek erakusten du zein diren agintarien kezkak; ez dira Itoitz inguruan ezin konta ahala lurrikara izatea, hain justu, baizik eta, esate baterako, solidarioen kontrako jazarpena bururaino eramatea. Urtegia inposatu egin zen, lege oztopoak gainditzeko legeak aldatuta, eta gerora ikusi denez, Itoizko urak Zaragozako Nazioarteko Erakusketa bitartean hiri hura hornituko duela jakin dugunean, nafarrek urtegi horretako uraren erabileraz ezer esaterik ez dutela argi dagoenean, Julio Villanueva kartzelatu dute. Iruñeko presondegian da larunbataz geroztik, ia bost urteko zigorra betetzeko. Ez da ulertzeko modukoa gazte horiei zigorra -edozeinen begietan guztiz neurriz kanpokoa- betearazteko seta hori, jazarpen obsesibo hori, legearekin eta, batez ere, bizikidetzarekin baino, mendekuarekin zerikusi handiagoa duela pentsatzen ez badugu.