Berezkoak Betzula Torneoa remonte
Sebastien Sorhuetek partidako azken txanpan boteei esker lortutako kintzeek erabaki dute finala
Jon LEUNDA | LARRAINE
Sorhuetek eta Maitek irabazi zuten Larrainen jokatzen den Betzula Torneoa, finalean Ezkurra anaiei 40 eta 35 irabazita. Norgehiagokak oren bat eta hogei minutu iraun zuen.
Finala oso polita izan zen, baina amaieran Sebastien Sorhuetek botetik egin zituen kintzeek erabaki zuten norgehiagoka. Hastapenean, txapela jantzi zuen bikoa erraz aitzinatu zen. Paxkal Ezkurrari asko ari zitzaioan kostatzen neurketari tamaina hartzea, eta 4-15 jarri ziren aurretik. Urruñako atzelari gaztea suspertu egin zen, eta 14-0eko partziala lortuta, 18-18 adostu ziren; gero, 33-28 ere jarri ziren aurretik.
Erreakzio bikaina izan zuten Patrick eta Paxkal Ezkurrak, eta bazirudien amaieran txapela berek jantziko zutela, baina Sorhuet eta Maite ez zeuden esku hutsik joateko prest. Hala, partida irauli egin zuten.
Sakea berreskuratutakoan, Sorhuetek zazpi kintze lortu zituen boteari esker partidako azken txanpa horretan. Modu horretan, 11-0eko partziala lortu, eta 33-39 jarri ziren markagailuan. Neurketa ia erabakita zegoen, nahiz eta Urruñakoek bi kintze egin, eta 35-39ra gerturatu ziren. Hala ere, Pausuko aurrelariak eta Donibane Garaziko atzelariak ez zuten ezusterako tarterik utzi, eta berrogeigarren tantoa egin zuten. Finala erabaki zuten. Sorhuetek 14 tanto egin zituen saketik, eta bi gutxiago, Ezkurra I.ak.
Jendeak erantzun bikaina eman zuen. Larrainen 200 biztanle pasa bizi badira ere, 300 ikusle sartzen dira bertako trinketean, eta jendez gainezka jarri zen. Amaieran, gainera, bazkaria izan zen Elgorriaga Zuberoako plaza-taldeak girotuta. Pilotari guztiek onartzen duten moduan, jokatzen diren lehiaketa guztien artean bereziena eta gustagarriena hau dute pilotariek, bertan sortzen den giroa paregabea baita.
Urruña
Jadanik ezagutarazi dute Urruñako Torneoa nola izango den. Ezkurra I-Etxeto Etxeberri-Kurutxariren aurka arituko dira, eta Sorhuet-Ezkurra II.a Larretxea-Lazkanoren aurka.