GARA > Idatzia > Euskal Herria

Tradizioa moda bihurtzeko arrazoirik ez zaie falta garrafei

Orozkoko Garrafa Elkarteak Euskal Herriko hainbat tokitako tradizio bat ezagutarazi du gaur. 80 litro limonada banatu dituzte Areatzan, goizeko 10.00etatik aurrera, bertaratu direnen artean. Txapelketa gastronomikoaren barnean antolatu duten ekimena dugu hori. Horrekin, xarma sendotzeaz gain, eta iraganetik berreskuratuta, erabilpen tradizionaleko tresna eman dute ezagutzera.

p024_f01.jpg

Arrate ETXEBARRIA | BILBO

Areatzan 80 litro limonada banatu dituzte gaur, goizeko 1000etatik aurrera. Horiek, bezeroen aukeran, alkoholarekin edo gabe edan dituzte. Horrekin batera, garrafaren hozte-sistemaren erakusketa egin dute.

Batzuei ezaguna egingo zaie argazkian ikus daitezkeen aparailu horiek. Beste batzuentzako, ordea, lehen aldiz ikusitako tresnak izango dira. Historialariek Euskal Herrian agertu zen lehen garrafa Oliteko gazteluan kokatzen dute, Karlos III.aren aginduz eraiki zutena XV. mendearen hasieran. Burgesiarekin loturik zegoen momentu horretan edari hotzak kontsumitzea, goi mailako klasearen adierazleetariko bat baitzen. Handik aurrera, gure lurraldeko beste herri batzuetan zehar zabaldu zen, baserrien hedapenarekin batera. Hori, XVI., XVII. eta XVIII. mendeetan gertatu zen. Gaur egun, apenas ikusten da tramankulu hori gure herrian, hala ere, munduko toki askotan aurki daitezke. Estatu espainolean, esate baterako, heladera izenez ezagutzen dira eta nahiko erabiltzen ziren. Geurera itzulita, Orozko da usadio hori mantentzen duen herri bakanetakoa. Horretan eragin handia izan du Orozkoko Garrafa Elkarteak; 2006an sortu zen herri horretako Soplagaita elkargoak hasitakoari jarraipena emateko asmoz. Orozkoko Garrafa Elkarteak hainbat ekimen egiten ditu urtean, besteak beste, San Antolin egunean antolatzen duen garrafa txapelketa. Ohitura hori ez galtzea da elkartearen xede nagusia.

Normalean, erreminta hau egurrezkoa izaten da eta bi atalez osaturik egoten da. Zilindro itxurako ontziak dira, bata bestea baino handiagoa. Zilindro bat bestearen barruan sartzen da eta bien artean hutsik geratzen den tokian elurra edo izotza sartzen da, gatzarekin batera. Gatzaren erabilerak garrantzi handia du, izan ere, izotzarekin nahasterakoan erreakzio kimiko berezi bat sortzen baita. Gatzak beroa xurgatu egiten du izotza urtzen den bitartean. Horrela, heltzen da momentu bat non barneko nahasketa hotzago dagoen hasierako izotz hori baino. Prozesu hori egin bezain laster, barruko ontzian edari desberdinak sartzen dira hozteko. Orozkon, normalean, ardo zuria edo txakolina, ura, koñaka, azukrea eta limoia botatzen dituzte. Behin hori eginda, irabiagailu baten bidez nahasketa irabiatu egiten da. Edariak hozteko era neketsu baina eraginkorra da hori, edariak zero azpitik 16 graduko tenperatura har baitezakete eta izotz-edari antzeko bat sortu. Edatekoaz gain, garrafak izozkiak egiteko ere erabili izan direla aipatu beharra dago.

Jaiaren arima

Tradizionalki lagun edo familiarteko giroan erabili izan dira garrafak. Ospakizun bat non, garrafa han. Bazkari onek halako edariak eskatzen dituzte eta tresna horiek sekulako zaporeak sor ditzakete baina, noski, bertara edariak botatzen dituenak nahasketak egiten ere jakin behar du.

Beste garai batean, zezenketekin ere loturik egon zen garrafaren erabilera.

Normala denez, pertsona bakoitzak ikusiko zuen noiz eta zertarako erabili, baina jai giroan izaten zen, gehienetan.

Beraz, garai zaharrak berri egiten ditu tresna horrek. Etxeko tresna elektrikoen sasoi honetan bizi garelarik, eskertzen dira horrelakoak ikusi, erabili eta gozatu ahal izatea. Agian, askoz nekagarriagoa izango da irabiagailuari eragitea, gure etxeko izozkailutik lata edo botila bat ateratzea baino. Hala ere, ezbairik gabe, emaitzak mereziko du eta noizean behin ez dator gaizki ariketa fisiko pixka bat egitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo