Preso politikoen eskubideak babesteko mobilizazioak izan dira han eta hemen
Makina bat lagun atera da aste honetan ere kalera preso politikoen eskubideak babesteko eta dagokien bezala Euskal Herrira ekar ditzatela eskatzeko. Hainbat herritan izan dira Etxerat-en mobilizazioak.
GARA | DONOSTIA
Astero bezala, preso politikoen aldeko oihua lau haizetara zabaldu da Euskal Herrian. Lagun ugarik erantzun dio Etxerat-en deiari, eta kalera atera da Estatu frantseseko eta espainoleko kartzeletan sakabanatuta dauden euskaldunak, dagokien eskubideen jabe, herrira ekar ditzatela eskatzeko.
Joan den ostiralean, 1.200 herritarrek egin zuten elkarretaratzea Bilbon preso politikoek bizi duten egoera latza salatzeko asmoz. Gasteizen 274 lagun bildu ziren kritika bera egiteko eta Iruñean, 235. Hiriburuez gain, hainbat herri ere mobilizazioen lekuko izan zen: Ondarroan 131 pertsona elkartu ziren; Berriozarren, 65; Deban, 50; Lazkaon eta Etxarrin, 60; Arbizun, 34; Getarian, 32; Amurrion, 25; Baztanen eta Tafallan, 20; Beran, 15; eta Gatikan, 14.
«Errepresiorik ez»
Lizartzan, 53 herritar elkartu ziren «Errepresiorik ez, Otaola kanpora» erraten zuen pankartaren gibelean, eta Oiartzunen, Gurutze auzoko jaietan 50 lagunek aldarrikatu zituzten preso politikoen eskubideak.
Baina ostiralekoak ez ziren elkarretaratze bakarrak izan. Asteazkenean 17 lagun bildu ziren Atarrabian; ostegunean, berriz, 36 iruindar bildu ziren Alde Zaharrean, 14 Arrosadia auzoan eta Berangon 18. Atzo hondarribiarrek hartu zuten lekukoa, eta 38 lagunek egin zuten elkarretaratzea Estatu espainolean eta frantsesean gatibu dituzten euskaldunen etxeratzea eskatzeko.