GARA > Idatzia > Euskal Herria

Orozkoko garrafak arrakasta handia izan du Aste Nagusian

Naia DIEZ | BILBO

Goizean goiz hasi ziren Orozkoko Garrafa kultur elkarteko kideak nola lan egiten duten erakusten Alde Zaharreko Areatzan.

Haien helburua Bilboko jendeari garrafa-izozkailua nola erabiltzen den ezagutaraztea izanik, limonada edalontzi bana eman zieten ikusle harrituei. Gazteok ez genuen ezagutzen kubo antzeko horrek zertarako balio duen, eta nagusiek ia ahaztuta zeukaten, baina ikusi eta gero, gogoz itxaron genuen eguerdiko hamabiak arte, limonada prestatzen amaitu zuten mementora arte.

Denok dastatu genuen garrafa horietatik; batzuek limonada alkoholarekin, eta beste batzuek, alkoholik gabe. Antolatzaileek esan zutenez, hobea da alkohola duena, txakolin eta koñakak oso zapore ona ematen baitiote; gainera, freskoago dago.

Freskotasun hori mantentzeko izotza eta gatza nahasten dituztela azaldu zuten. Gero, dena nahasi arte eragin behar da.

Elkarteko 30 lagun inguru batu ziren eta lan handia egin zuten 80 litro limonada egiteko, baina emaitza bikaina izan zen. Ilara handiak sortu ziren garrafetan zegoena dastatzeko, eta jendea pozik zen. «Oso ona dago; etxean egin ahal izatea gustatuko litzaidake», esaten zuen jendeak. Antolatzaileek edalontzi bana eman zutela esan dugu, baina hori okerra da; izan ere, jendea berriz ilaran jarri zen eta batzuek hiru, lau eta bosgarren aldiz ere edan zuten. Argi geratu zen Bilboko jendeari limonada asko gustatu zitzaiola.

Azkenean, eguzkia

Eta azkenean, han izan genuen hainbeste behar genuen eguzkia. Euria eten, eta beroa sumatzen hasi zen.

Nahiz eta Aste Nagusia amaierara heldu den, badirudi gaurko ekintzez gozatu ahal izango dugula.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo