GARA > Idatzia > Gutunak

Jon Iragorri Tturkoren iloben izenean

Osaba maitea

Maitea, maitea bai, ze nahiz eta zu erail zintuzten egunean gu gehienak jaio gabeak izan, maitatzen ikasi zaitugu, bai, maitatzen osaba, ze zu ezagutzeko aukera izan duen guztiak zu maitatzen erakutsi digu eta bihotzez diogu osaba paregabea ezagutzeko aukera galdu dugun sentsazioa daukagula. Horrexek ematen digu tristura, ezin izan baitugu zure maitasuna dastatu, zure laztanak, zure bromak eta irribarreak, jakinik, gainera, nola atsegin zenituen umeak eta nola gozatzen zenuen beraiekin jolasean. Oso erreza izan da zu maitatzea, zure lagun eta familien aho, begi eta bihotzetan zurekiko maitasuna bor-bor gainezka sumatu eta sumatzen baitugu. Harro gaude zutaz, osaba, ez da edozein horrelako maitasunaren jabe, zuk emandakoa hemen gelditu da, gu denon artean, eta hori dastatu, disfrutatu eta gozatzeko aukera daukagunez, horretan ari gara eta horretan jarraituko dugu.

Osaba, zuri egindako sarraskiari irakurmen eta itxura leunagoa emateko intentzioarekin, irakurtzen eta entzuten ari den jendearentzat olerki hau prestatu dugu; bide batez, zuk gustuko izango duzulakoan...

Pelikuletan zaldun bakarrak irabazten ditu gerra guztiak, gurean ez,/ Gurean hamaika zaldunek dihardute borrokan miloi bat zaldunen aurka./ Gurean bakar baten indarra, beste askoren erdian nabaritzen den indarra da./ Gurean ez dugu etsai makala, eta gainean dugu haren itzala;/ Baina eguzkiak goizago edo beranduago hartzen du gain iluntasuna./ Hantxe, Etxeberria parkean. Bi zaldun, prezio merkean, salduak izan ziren;/ Bere anaia soldadutxoak, limurtu egin zituen itzal handiaren botereak;/ Eguzkia alde batera utziz, iluntasunaren kolore beltza jantzi zuten./ Ondoren bi anaia salduz, boteretxu itxura hartuz, ehundaka soldadutxok bi zaldun ausart, maltzur zikin eta bortizki eraso zituzten...

Osaba, nolatan ausartu dira pelikula honi horrelako bukaera txarra eta tristea ematen? Eskutitz honetan argi gera dadila maite zaitugula, eta zuk maitatzen zenuen guztia, ia, zuk bezainbeste, maitatzen dugula!

Gora osaba Juan Mari! (Tturko eraildako XVI. urtemuga).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo