Taldeak bi fitxa aske ditu
Ateak zabalik utziko dituzte azken unera arte
Egindako taldearekin pozik egon arren, Eibarrek merkatua arakatzen jarraituko du hurrengo egunotan
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Denboraldiaren hasierarekin batera protagonismoa zelaietara itzuli den arren, bulegoetan ere mugimendu handia dago oraindik. Izan ere, eta aurreko urteetan gertatu den bezela, fitxatzeko epearen azken egun hauetan aurreko hilabeteetan baino diru gehiago mugi dezake merkatuak.
Azken zoramen horretan parte har dezake Eibarrek ere. Gorri-urdinek ez daukate dirua gastatzeko ohitura handirik; bai, berriz, «marraren gaineko» fitxatzeak egiteko. Aurten ere, azken unera arte utziko dituzte ateak zabalik.
«Ostirala arte topera arituko gara ea bat edo bat etortzen den -aitortu zuen atzo Jaime Barriusok-. Baina kontrastatutako baten bat izan behar da. Momentu honetan ez dugu presarik, daukagunarekin pozik baikaude, baina beti gaude taldea hobetzeko prest».
Momentuz, Nico Medina izan da Eibarrera etorritako azken jokalaria, taldearen azken hutsunea betetzera. Osasunak utzitako aurrelariaren aurkezpenean, hala ere, Javi Perezek presidentearen adierazpen bera egin zuen eta «merkatuan etengabe begiratzera behartuta gaude», onartu zuen. «Horrek ez du esan nahi gure helburua 25 fitxa betetzea denik -jarraitu zuen- baina adi egongo gara merkatuan zer edo zer interesgarria agertzen den».
Argi dago «zer edo zer interesgarri» horrek beteko lukeen postua, Nico Medina fitxatu baino lehen Javi Perezek berak azaldu baitzuen aurrelaria eta hegaleko gizona zirela taldeak zituen hutsune bakarrak. Ferrolen aurkako partidan ere agerian geratu zen eskuin hegalean egon daitekela, egotekotan, armaginen gabezia, Lluis Codina aldageletara joan ondoren zurtz geratu baitzen bere postua. Manixek egun duen konponbidea Joseba Del Olmoren balio-aniztasunean datza, bizkaitarra bi hegaletan moldatzen baita. Ezkerrean, gainera, Xabi Eizagirre erabiltzeko aukera dauka entrenatzaile eibartarrak.
Helburu horrekin, beraz, arakatuko du merkatua abuztuko azken egun hauetan, Josu Etxaniz eta Asier Sanchez utzi ondoren lehen taldeko 23 fitxa besterik ez baititu bete Eibarrek, horietatik 14 udan etorritako jokalari berriak.
Puntu garrantzitsua
Beraz, 23 jokalarirekin prestatzen jarraitu beharko du Manixek larunbateko derbia. 22rekin, zehatzago, bere lagapen-kontratuagatik David Zurutuzak ezingo baitu partida jokatu.
Erdilariak, gutxienez, beste aste bat itxaron beharko du, beraz, kamiseta gorri-urdina estreinatzeko, lehen deialdian sartu arren ez baitzuen A Malatan jokatzeko aukerarik izan. Gustura itzuli zen jokalaria Galiziatik, hala ere, «garrantzitsua baita denboraldia puntuatzen hastea, batez ere partida etxetik kanpo jokatzen duzunean». Are gehiago, «taldea ondo ikusi» zuela kontuan hartuta. «Hasi aurretik zalantzak daude beti, batez ere jokalari berri asko garela kontuan hartuta, baina sendo ikusi nituen taldekideak, talde bat bezala jokatzen», nabarmendu zuen. Izan ere, eta hainbat xehetasun hobetu behar direla onartu arren, Zurutuzak baikortasunez begiratzen dio denboraldiari. «Helburua betetzeko taldea daukagula uste dut», esan zuen.
Derbiari dagokionez, «niretzat partida berezia izan ziteken, azken urte hauetan txuri-urdinez jokatu ondoren -onartu zuen-. Baina jokatu ezin dudanez, nahiago dut buelta gehiegirik ez ematea», adierazi zuen.
Argi dauka Zurutuzak larunbatean Eibar animatuko duela -«orain nire taldea da», nabarmendu zuen-, baita arerio biak gogoz aritu beharko direla ere puntuak eskuratzeko. «Lehen partida galdu arren, eta urduri xamar egon badaiteke ere, Realak talde on bat dauka. Baina Eibarrek ere talde ona dauka eta konfiantzarekin arituko da», aurreratu zuen.
El presidente del Eibar Jaime Barriuso y el director general del Grupo Alfa Jon Ander Buenetxea oficializaron ayer el acuerdo por el que la empresa eibarresa patrocinará al equipo durante las tres próximas temporadas.
El nombre de Alfa, que se convierte en el segundo patrocinador del Eibar, aparecerá en el pantalón y en la trasera de las camisetas.
Barriuso se mostró «orgulloso» de portar el nombre de una empresa eibarresa, mientras Buenetxea destacaba los valores que comparten ambas entidades.
A.U.L.