GARA > Idatzia > Euskal Herria

Dimisioak eskatuko dituzte larunbatean PSNko Erriberako 22 batzordeek

Larunbatean bilduko da PSNko Herrialdeko Batzordea. Hitzordu garrantzitsutzat jo du Carlos Chivitek, eta lasaitasuna eskatu du. Erriberako batzordeak, baina, beste eskari batzuk egitekotan dira.

p014_f02-139x92.jpg

GARA |

Urek harrotu antzera jarraitzen dute PSNren barruan, Ferrazek NaBairekin eta IU-NEBekin gobernua osatzeko aukerari ezezkoa eman eta Miguel Sanzi beste lau urteko agintaldia ahalbidetu ostean. PSNko Herrialdeko Batzordea bilduko da larunbatean Iruñean, 10.00etan Medikuen Eskolan, eta, nahiz eta alderdiko buruzagitzak lasaitasunerako eta «aurrera begiratzeko» deiak egin dituen, PSOEren erabakiarekin kritiko direnek ez dute maiatzaren 27ko hauteskundeen ondoren gertaturikoa ahazteko asmorik.

Hala, astelehenean Valtierran bildu ziren Erriberako 22 herri batzordeak larunbateko bilera prestatzeko eta agiria osatu zuten. Idatzi horretan, NaBairekin eta IU-NEBekin gobernua osatzearen aldeko apustua berresteaz gain, eskaerok egiten dituzte: Carlos Chivite idazkari nagusiaren eta herrialdeko exekutiboaren dimisioak, eta Legebiltzarreko taldeak barkamena eska diezaiola militantziari egoerak eskatzen zuenaren araberako neurririk ez hartzeagatik, Madrilgo «inposizioari» men egiteagatik eta «Nafarroako sozialisten borondateari leial ez izateagatik».

Bestelakorik ere mahairatu zuten agirian Erriberako militanteek. Zehazki, PSNren eta PSOEren arteko harremanak «berdinen artekoak» izan daitezela, Nafarroako sozialisten erabakitzeko gaitasuna bermatzeko bidean. Azken batean, PSNrentzat autonomia handiagoa aldarrikatzen dute.

Hilabete hauetan jazotakoak eta Madrildik etorritako betoak ondorio nabarmen bat utzi dutela uste dute 22 batzorde horiek: «PSNk ez du sinesgarritasunik gizartearen aurrean, erakutsi baitu ez duela printzipiorik, balorerik, etika koderik, duintasunik; soil-soilik, hauteskunde-kalkulu hutsa».

Jose Blancori, eskura

Alderdi bati gerta dakiokeen gauzarik larrienetakoa PSNri jazo zaiola salatzen dute, eta abuztuaren 3a, PSOEko Antolakuntza idazkari Jose Blancok Ferrazen azken erabakia iragarri zuenekoa, «Nafarroarentzat zorigaiztoko eguna» izan zela azaltzen.

Blanco bera larunbatean Iruñeko bilkuran izatekoa da, eta Erriberako ordezkariek herenegun adosturiko idatzia helaraziko diote. Batzarrean irizpide bateratua erakusteko borondatea daukate, agiria defenditzekoa, eta, erantzunen arabera, bakoitzak bere erabakia hartuko du.

Besteren artean, atzo zenbait komunikabidek zabaldutakoaren arabera, alderdia uzteko prest dagoenik egon badago; beste batzuek indar politiko berri bat sortzearen aldeko jarrera ei dute; eta bada ez ohiko batzarra eskatzen duenik ere, alderdiaren norabidea «barrutik zuzentzeko».

Ekaitz giroa baretu nahian-edo, Herrialdeko Batzordea «etorkizunari begira jartzen hasteko» modua izango dela esan zuen atzo Carlos Chivitek, «lasaitasunetik, parte-hartzetik eta eztabaidatik» hauteskundeen ondotik gertatutakoa aztertutakoan. «Bakoitzak bere iritziak eta sentimenduak plazaratu ahalko ditu», gaineratu zuen.

PSNko buruak, Efe agentziari egindako adierazpenetan, ez zuen iritzirik eman nahi izan Valtierran onartutako agiriaren gainean -edukia ez duela ofizialki ezagutzen bota zuen, eta halakoak publikoki baloratzen ez dela hasiko gehitu, horretarako guneak egon badaudelako-, baina gauza bat, bederen, argi utzi nahi izan zuen, ez duela kargua uzteko asmorik: «Zailtasunak daudenean, gainditu egin behar dira eta konpontzen saiatu beharra dago».

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo