GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hernaniko eta Elorrioko udaletako akten zain dela ohartarazi du Luesmak

Errepresaliatuen inguruko batzordeak osatu izana «aztertzeko» Paulino Luesmak agiriak eskatu zizkien Elorrio eta Hernaniko udalei. Haiek, ordea, ez dituzte bidali eta «autonomiaren kontrako jarreratzat» jo dute.

p017.jpg

GARA |

Gobernu espainolak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian duen Ordezkaritzak Hernaniko eta Elorrioko udaletako udalbatzen akten zain dela ohartarazi zuen atzo. Bi herri horietan euskal errepresaliatu politikoen eta euren senitartekoen inguruan lan egingo duten batzordeak osatu dituzte euren udaletan. Zehazki, Hernaniko Udalak Presoen Batzordea izenekoa sortu zuen joan den uztailaren 12an; Elorriok aldiz, Errepresaliatuen Batzordea eratu berri du. Paulino Luesmak Gobernu espainolaren ordezkariak ordea, erabaki horien aktak eskatu zituen joan den uztailaren 19an. Haren hitzetan, erabakien edukiak «aztertzeko» eta horren inguruan «zein neurri har daitezkeen ikusteko».

Berri agentziek zabaldutakoaren harira, ordea, ez Hernaniko Udalak ezta Elorriokoak ere ez dute inolako agiririk helarazi.

Elorrioko eta Hernaniko udal gobernu taldeek gogor gaitzetsi zuten Paulino Luesmaren jarrera; euren aburuz, udalek erabakiak hartzeko duten autonomia urratzen duen ekinbidea da Luesmarena.

Izan ere, bi gobernu taldeek, duela hilabete gertakari horien inguruko irakurketa plazaratu zuten, eta bertan, erakundeak herritarren zerbitzura egon behar dutela sutsuki defendatu zuten. Hala, «herritarren beharrak asetzeko eta euren interesak defendatzeko» udalen autonomiaren alde egiten dute Hernaniko eta Elorrioko udal gobernuek. Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren funtzioa bera ere gogor kritikatu dute bi herriek, euren ustez «gogoko ez dituen neurriak goitik, dekretu eta mehatxu bidez, ezabatzeko funtzioa du» haiek «gobernadore zibil» gisa izendatzen duten karguak.

Bestetik, eztabaida hori piztu izana ez dutela ulertzen salatu dute bi udalek. 1999an bi herrietan era horretako batzordeak sortu eta lau urtez normaltasun osoz aritu zirela ekarri dute gogora. Gainera, EAE-ANVk «babesik gabe dauden» herritarrenganako kezka eta horiek laguntzeko borondatea duela nabarmendu dute. Horien artean gazteria, emakumeak edota etorkinak bezalako kolektiboak nabarmendu dituzte.

Hernaniko zein Elorrioko udalak «arazoak konpontzeko» daudela baieztatu eta batzorde horiek preso diren Hernaniko eta Elorrioko bizilagunen eskubideak babesteko sortu dituztela nabarmendu zuten.

EAE-ANVren alkatetzak

Bizkaiko eta Gipuzkoako herri horietan EAE-ANV izan zen joan den maiatzaren 27ko hauteskundeetan alderdi bozkatuena eta, hortaz, alderdi ekintzaileko alkateak dituzte. Horiek hala, joan den uztailean udal antolamendua adosteko egin udalbatzetan, hirigintza, ogasuna edo hezkuntza batzordeak osatzearekin batera, euskal errepresaliatu politikoen eta euren senitartekoen inguruan lan egingo duten batzordeak eratzea adostu zuten. Hernanin, adibidez, uztailaren 12an izan zen udalbatza eta bertan EAJ, EA, EBren abstentzioarekin eta PSE eta PPren kontrako bozekin egin zuen aurrera proposamenak.

Batzorde horren zereginen artean, halaber, presoen eskubideen urraketak aztertzea edota presoen senitartekoek eta lagunek behar duten laguntza ematea daude.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo