Albisuren, Lopezen eta Ruizen defentsak helegitea aurkeztu du Londresen estradizioaren aurka
GARA |
Apirilaren 27an Inglaterran atxilotu zituzten Zigor Ruizen, Iñigo Albisuren eta Ana Lopezen defentsak helegitea aurkeztu zuen atzo, berriki onartu duten estradizioaren aurka.
Informazio agentziek zabaldutakoaren arira, Londreseko Auzitegi Gorenak datorren udazkenean emango du helegite honen inguruko epaia. Alta, azterketa epaiketarako datarik zehaztu ez den arren, urrian edota azaroan izango dela baieztatu dute agentziek, Inglaterrako Fiskaltzaren iturriei so eginez.
Bitarte horretan ordea, Inglaterrako espetxeetan preso jarraituko dute hiru euskal herritarrak.
Zigor Ruiz iruindarra, Iñigo Albisu donostiarra eta Ana Lopez bilbotarra, Auzitegi Nazional espainoleko epaile Baltasar Garzonen aginduz izan ziren atxilotuak. Atxiloketa apirilaren 27an jazo zen, Inglaterrako Sheffield herrian, Scotland Yard estradizio brigadetako agenteek eta Yorshire konderriko Poliziek Guardia Zibilarekin kolaborazioan egindako operazioan. ETA erakundeko kide izatea egozten die Garzon epaileak.
Iturri polizialen arabera, atxiloketak joan den martxoan Donostia egindako polizi operazioaren ondorioz egin ziren. Donostian atxilotuak suertatu zirenak ostera, «basatiki» torturatuak izan zirela salatu zuten.
Atxiloketaren ostean alta, Garzonek hiru euskal herritarrak Estatu espainolera estraditatuak izateko euroagindu eskaria egin zion Londresko Westminsterko Auzitegiari.
Euroagindua aztertzeko epaiketa ugaritan atzeratu ostean, joan den abuztuaren 17an Londresko Westminster auzitegian izan zen epaiketa. Inglaterran ematen diren estraditazio kasuez arduratzen da aipatutako auzitegia.
Bertan, Albisu, Lopez etaRuiz Estatu espainolera estraditatzea erabaki zuen Caroline Tubbs epaileak, defentsaren argumentuak baliogabetu ondoren.
Defentsako abokatuek ordea, Estatu espainolean atxilotutako pertsona ugari torturatuak izan direlaren frogak aurkeztu eta hiru euskal herritar hauek Estatu espainolera ez estraditatzeko eskatu zuten.
Halaber, Baltasar Garzon epaileak eskatutako euroaginduan akats formalak izan zirela argudiatu zuten.