Aurtengo logotipoa aukeratzeko lehiaketa antolatu du Herri Urratsek
Eneritz ZABALETA |
Hurrengo maiatzaren 11n iraganen da 25. aldiz Herri Urrats. Karia horretara, antolatzaileek logotipoa hautatzeko lehiaketa antolatu dute. 2008ko edizioaren leloa aukeratuta dago jada: «Mende laurdena, bide erdia...».
Antolatzaileek, lelo horri atxikiko zaion logotipoa hautatu nahi dute orain. Horretarako, dei zabala egitea deliberatu eta logotipoa aukeratzeko lehiaketa bat antolatu dute.Lehiaketara aurkezteko, logotipo proposamenak baldintza batzuk bete beharko ditu.
Irailak 11, azken epea
Horrela, logotipoak aurtengo leloa kontuan hartu beharko du. Agenda, jantzi, txartel eta bestelakoetan inprimatzeko moldatu beharko da. Azkenik, kolore bakarrean, bitan, hirutan edo lautan argitaratu ahal izateko diseinatua izan beharko da.
Herri Urratseko antolatzaileek irailaren 11 arte jasoko dituzte logotipo proposamenak. Azken horiek, informatika fitxategi batean igorri beharko dira, azalpen batekin, honako helbidera: Herri Urrats, ZI Pontots, 64100 Baiona. Bestela, elkartea@herriurrats.com helbide elektronikora. Lehiaketaren irabazleak, 300 euroko saria jasoko du.