Eguraldi aldaketa eta ekaitz arriskua iragarri dituzte gaurtik aitzinerako
Zeru estaliak, euri erauntsiak eta ekaitz arriskua iragarri dituzte Euskal Herrirako. Gaurtik larunbatera egoera berdintsuari eutsiko diola jakinarazi zuten atzo. Nafarroan segurtasun neurriak hartzeko eskatu dute.
GARA |
Gaur eguraldia erabat aldatuko dela iragarri zuten atzo Madrilgo Metereologia Institututik. Iberiar Penintsulako iparraldean zeru estalia eta ekaitz arriskua izanen direla jakinarazi zuten. Diotenez, egoera hori larunbata bitartean mantenduko da. Euskal Herrian euri erauntsi motelak nahiz ertainak izanen dira eta toki zehatzetan gelditu gabe botako du.
Arratsalde aldera erauntsiak indartsuagoak izanen dira, eta gero eta maizago botako du euria. Ekaitz arriskua ere izanen da. Tenperatura jaitsiera nabarmenak izanen dira maximoetan; minimoak guti aldatuko dira. Haizeak mendebaldetik eta ipar-mendebaldetik joko du, baina ez da sobera indartsua izanen. Egoera horrek Kantauri aldea eta Pirinioak hartuko ditu gehienbat. Nafarroako iparraldean erauntsi indartsuak izanen dira eta kazkabarra botatzeko arriskua ere izanen da. Herrialde honetan hegoaldeko haizea aldakorra izanen da, ipar ekialdetik jotzen hasiko da-eta. Arratsalde aldera haizea indartzen joanen da, eta Erriberan ziertzo-ak joko du.
Nafarroarako abisua
Biharko, etziko eta larunbaterako gisako eguraldia iragarri dute. Erauntsiak ahulduz joanen diren arren, zeruak goibelez estalita segituko omen du eta ipar haizea mantenduko da.
Eguraldi aldaketa dela-eta, Nafarroako Gobernua atzo jendarteari zuzendu zitzaion eta badaezpadako neurriak hartzeko eskatu zien. Herrialdearen iparralderako iragarri diren ekaitz indartsuak direla-eta, auto gidariei kontuz ibiltzeko deia egin zien. Hartu beharreko neurrien artean, abiadura moteltzeko eta ur-putzuak edo korronteak sor daitezkeen guneetan ez gelditzeko aholkatu dute. Irratiak sintonizatu eta albisteei adi egoteko ere aipatzen da, baita errepideetan izan daitezkeen zuloei, luiziei, eroritako elektrizitate kableei eta eraikinetatik eror daitezkeen gaiei arreta jartzeko ere. Urez estalita gelditutako guneetatik ez pasatzeko eskatzen da; horietatik iragan behar izanez gero, motorrera urik ez sartzeko mantso pasatzea eta ondotik frenoak ere begiratzea gomendatzen dute.
Etxeen kanpoaldean izan daitezken gaiak erretiratu eta teilatu nahiz ubideak artatzeko ere eskatu dute; mendian, berriz, tximista arriskutik urruntzeko.