GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aurten inork ez du hutsik egingo Atharratzen jokatuko dituzten Euskal herriko Olinpiar jokoetan

Euskal Herrialdeetako Txapelketa jokatuko da igandean Atharratzen, eta han izango dira zazpi herrialdeetako kirolariak. Denen egoera, ordea, ez da berdina. Gipuzkoan, Nafarroan eta Bizkaian tradizio handia dute kirol hauek, baina beste lauretan, ordea, ez dute horrenbestekoa.

p044_f01_140x108.jpg

Jon LEUNDA

Olasagasti, Nazabal, Larretxea, Peñagarikano, Zelai, Perurena, Saralegi, Izeta Irigoien, Lapazaran, horien guztien izenak ezagunak dira herri kirol munduan aditua ez den edonorentzat, baina guztiak dira Gipuzkoakoak, Nafarroakoak edo Bizkaikoak, herri kirolak hiru herrialde horietan baitu tradizioa, eta txapeldun ia denak hiru herrialde horietakoak dira, nahiz eta tartean besteren bat sartzen den.

Herri kiroletan aditua den edozeini Arabako izenak botatzeko esanez gero, arazoak izango lituzke, are gehiago Lapurdiko, Nafarroa Behereko edo Zuberoakoren bat galdetuz gero. Datorren igande arratsaldean jokatuko dute Atharratzen, Zuberoan, Euskal Herrialdeetako Txapelketa, eta han izango dira zazpi herrialdeetako ordezkaritzak. Aurten Zuberoa ere izango da. Azken urte hauetan oso gutxitan izan ohi da lehian herrialde hori, baina aurten berek antolatzen dutenez, jokatzeko moduan izango dira eta taldea osatu dute horretarako.

GARAk herri kirolak tradiziorik gutxien duten herrialde horietako baten berri izan nahi du. Normalena litzateke lau horietako inork ez irabaztea igandean. Nafarroa da txapelduna, eta aurten ere faborito izango da, baina Bizkaia eta Gipuzkoa ere ahaleginduko dira txapela lortzen.

Gabi Etxart da Ñapurrak Ezpeletako taldeko zuzendaritzako kidea, eta Ipar Euskal Herriko herri kirolaren berri inork baino hobeto ezagutzen du. «Hasteko, esan behar da hemen dena kluben bitartez egiten dela. Hego Euskal Herrian, norberak egiten du lizentzia, baina hemen dena klubek eramaten dute», esan du. «Nik uste dut Lapurdiren egoera ez dela txarra. Herri kirolak asko indartu dira, egia da tradiziorik gehien duten kiroletan ez garela nabarmentzen, aizkoran, segan edo harriak jasotzen, baina sokatiran hasi gara onenen artean burua ateratzen. Zaku lasterketan ere azken urte hauetan irabazi dugu, eta txingetan ere aurrean ibili behar dugu. Badut hirugarren postua lortzeko itxaropena», adierazi du.

Lapurdiren egoera hobetzen ari bada ere, Nafarroa Beherea eta Zuberoa oraindik esperientzia gutxiago dutela esan du: «Nafarroa Beherean klub berriak ari dira sortzen, eta ari dira lan egiten, baina oraindik asko dago egiteko. Igandean ez dira azkenekoak izango, baina ezta askoz gorago ere. Zuberoan, berriz, dena dago egiteko. Uste dut oso zaila izango dela haiek azkenak ez izatea. Jendeak maite du herri kirola Zuberoan ere, baina erakustaldietarako. Ia ez dute lehiaketarik, horrek esan nahi du jendeak ez duela serio hartzen eta ez dela prestatzen. Horrela oso zaila da aurrera egitea», esan du.

Ipar Euskal Herrian, beste arazo bat ere badute: «Kirol honek ez du instituzioetatik dirurik jasotzen, eta hori arazo larria da. Lehen aipatu bezala dena kluben bidez egiten da hemen, eta aurrera ateratzeko klub bakoitzak bere erakustaldiak bilatu behar ditu, eta kirolariak denetik egitera behartuta daude. Hemen ez dauka kirolari bakoitzak kirol bat, batek asko egiten ditu, eta hori ere nabari da. Aurrera egiteko beharrezkoa da hemengo jendea Euskal Herriko txapelketetan aritzea, baina horretarako ere alde guztietako erak batu egin behar dira, kirol guztiak ez baitira era berean egiten Hego Euskal Herrian eta Ipar Euskal Herrian», azaldu du.

Parte hartzera

«Araba parte hartzera joango da, ez baitugu prestatzeko tarte handiegirik izan», esan du Fernando Velez de Mendizabalek, Araban txapel gehien lortu duen kirolariak.

Izan ere, Araban ere jendea falta baita. Hemen ere ia dena kluben bidez egiten da, eta kirolariek kirol bat baino gehiago egiten dituzte: «Hemen arazoa jendearena da. Ez dago jende gehiegi herri kirolak egiten eta, lehiaketak aurrera eraman ahal izateko, denok denetik egiten dugu, ia inork ez dauka kirol bat soilik, ia inor ez da kirol bakarrerako prestatzen, eta hori nabari da. Gero, antolakuntzarako ere oso jende gutxi gaude», adierazi du.

Hala ere, azken urte hauetan egoerak hobera egin duela uste du: «Izan dira urte batzuk ia txapelketarik ere izan ez direnak, baina azkeneko urte hauetan berriro ere lehiaketa gehienak berreskuratu dira, eta uste dut etorkizunari begira ere itxaropentsu egon gaitezkela, jende gaztea ere ari baita herri kirolak egiten», aitortzen du.

Igandea, beraz, egun handia izango da, urtean egun bakarra izaten baita Euskal Herriko herrialde guztietako txapeldunak elkarren aurkako lehian ikusteko aukera, eta horregatik besterik ez bada ere, merezi du lehiaketa hori ikustera joatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo