GARA > Idatzia > Kultura

Maurire Ravelen musika- unibertsoa erakutsi nahi du «musique en côte basque» jaialdiak

Haren heriotzatik 70 urte igaro direla-eta, aurtengo jaialdiak Maurice Ravel omenduko du irailaren 13a arte. Alexandre Tharaud, Georges Pludemarcher eta Barbara Hendricks-en kontzertuek Ziburuko konposatzailearen musika-mundu askotarikoa erakutsiko dute.

p050_F01_140X200.jpg

Eneritz Zabaleta

Urte berezia da aurtengoa Ziburuko eta, oro har, Euskal Herriko musikarako. Izan ere, 1937an, orain 70 urte, Maurice Ravel zendu zen, Ziburun sortutako musika konpositore ezaguna. 2007a, Ravelen omenezko hainbat ekitaldi egiteko urte aproposa izaten ari da.

47 urte dira, Zibururen, Donibane Lohizuneren, Baionaren eta Biarritzen artean, «Musique en Côte Basque» jaialdia antolatzen dutela. Gainera, uda garaiko hitzordu garrantzitsuenetarikoa bihurtu da, urteak joan ahala. Azken hamarkadan, egitaraua gai orokor baten inguruan osatzea erabaki zuten antolatzaileek. «Mozart» eta «Poulenc» musikariak edo «Mendia eta itsasoa» gaiak hautatu izan dituzte, eta aurten Maurice Ravel omenduko du jaialdiak, etxekoa.

«Ravel, 30eko hamarkada...» gaiaren inguruan, hainbat musikari eta abeslari ospetsu egonen dira bihartik irailaren 13ra Lapurdiko kostaldean. Denek Ravelen musika-mundura hurbilduko dituzte entzuleak, zehatzak izan nahi ez duten hainbat ukituren eta arrastoren bidez. Kontzertuak Lapurdiko kostalde osoan iraganen dira: gaur Ziburun, Ravelen sorterrian; bihar Donibane Lohizunen eta Biarritzen, eta etzi, Baionan.

Emanaldi horiek guztiek Ravelen alderdi berezi bat eta haren garaiko musikan eragina izan zuten musikarien lanak ezagutaraziko dituzte. Erraterako, Alexandre Tharaud pianista ospetsuak Ravelen pianorako obra guztiak joko ditu irailaren 5ean eta 7an. Bi kontzertuak Ziburuko elizan iraganen dira; Ravelek jaunartzea egin zuen elizan, hain zuzen. Bordeleko Orkestrak Ravelen «Ezker eskuarentzako kontzertua» lan gogoangarria joko du, Nicolas Angelich pianistaren eskutik. Barbara Hendricks sopranoak, berriz, 30eko hamarkadaren eta Ravelen musikaren arteko zubilana eginen du. Izan ere, Hendricks-ek Magnus Lindgren saxofoi-jotzailearen eta Mathias Algotsson pianistaren laguntzarekin, jazz kontzertu bat emanen du. Jazz musikak eragin handia izan zuen Ravelen lanetan, «Kontzertua sol-ean» adibidez, eta Ziburuko konposatzailea jazz musikaren zale handia zen.

«Haurra eta sorginkeriak»

Beste alde batetik, bi astez iraganen diren 11 kontzertuetan, Ravelen lanez gain, Mozart, Beethoven edo Liszt konpositore handien eta Debussy haren garaikidearen lanak emanen dituzte. Ravelen lagun Stravinski-ren «Udaberriaren garaitzea» lana ere joko dute. Azken lan hori Ravelen kutunetariko bat zen, garai hartan kritikak gaizki hartu bazuen ere. Horrez gain, kontzertu guztiek Ravelen orotariko lanak emanen dituzte. Pianorako idatzitako lanak izanen dira nagusi, Tharaud-en kontzertuetan batik bat. Baina hirukoteentzako edo laukoteentzako piezak ere izanen dira entzungai, eta haietan, biolinak, biolontxeloak eta saxofoiak lekua izanen dute.

Irailaren 13an, jaialdiak itxiera polit bezain originala izanen du, aurtengo edizioko azken kontzertua emanen baitute. Maurice Ravel Donibane Lohizunen egoitza duen akademiak eta «Musique en Côte Basque» jaialdiak urteurrena ospatzeko espresuki prestatutako «Haurra eta sorginkeriak» fantasia lirikoa lehen aldiz emanen dute. Ikusgarria, berez, Ravelek idatzitako antzerki liriko bat da. 1916an Colette idazleak idatzitako haur ipuin batean oinarrituta idatzi zuen Ravelek «Haurra eta sorginkeriak» obra. Jaialdirako, François Le Roux eszena arduradunak ikusgarri berezia prestatu du lan horretan oinarrituta. Hala, kontzertuan Marc Calebroutek prestatutako txinatar itzalen jokoekin gozatzen ahalko da. Horrez gain, lehen zatian, Evariste Parny-ren eta Jules Renard-en olerkietan oinarrituta, Ravelek idazitako hainbat kontzertu emanen dira.

14 egun 11 kontzertutarako. 11 begirada, 11 ukitu, 11 zertzelada, Ravelen musika sentsibilitatera hurbiltzeko. 1887 eta 1937 bitartean idatzitako 111 lanetan, Ziburuko konposatzailearen nortasuna eta izaera erakusten dituztenak hautatu nahi izan dituzte jaialdiaren antolatzaileek. Kontzertuak, sonatak, jazz abestiak... Ravel ulertzeko hainbat gako emanen dira «Musique en Côte Basque» jaialdian. Hurrengo urtean, Beethoven omendu artean, ziburutarraren mundura hurbiltzeko parada horra.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo