GARA > Idatzia > Editoriala

Turkiaren aro berria eta erronka zaharrak

Turkiako Parlamentuak, espero bezala, bere aro modernoko hamaikagarren presidentea hautatu zuen atzo, eta, espero bezala, joera islamistako alderdi bateko kide Abdula Gul da kargu horretan. Hain zuzen, Abdula Gul presidentetzara aurkezteko asmoak piztu zuen gobernu-krisia hura izendatuta bukatu da, eta AKPko buru eta jarduneko lehen ministro Recep Tayyik Erdoganek gobernua eratu ahal izango du. Izan ere, Gobernuko alderdiak bere alde du gobernu krisia arrakastaz eten izana, hauteskunde egin berrietan ia bozen erdiak eskuratu baitzituen. Baina zalantza handi bat gelditu da, Estatuko buruaren eta Armadaren arteko harremanen gainean, Armadak eta gainerako indar laizistek ez baitute begi onez ikusten presidente ilslamista bat.

Txente Rekondok gaur GARAn eskaintzen duen analisiaren arabera, ordea, herrialdearen laikotasunaren aldeko indarrek laikotasuna eta askatasuna baino areago beren botere zatiari eustea sumatzen dute arriskuan. Armadak lau estatu kolpe eman ditu Errepublika fundatu zenetik, baina ez Turkiaren laikotasuna bermatzeko, hain zuzen. Nolanahi ere, barne oreka mantetzea erronka handia izango du presidente berriak. Eta tradizioz boterean izan diren indarrekiko orekaz gain, kurduekiko gatazkari, giza eskubideen errespetuari eta gisako barne arazoei ere egin beharko die aurre. Erronka zaharrei, alegia. Turkiak, bestalde, Mendebaldetik eskatzen zaion irudi demokratikoa zaindu behar du, eta arlo horretan presidente berriak bere trebetasuna erakutsia du Europar Batasunera sartzeko proiektuari begira. Kanpo politikak, beraz, toki berezia izango du; ez alferrik, presidente berriak esperientzia aberatsa izan du Atzerri ministro gisa. Haren erronka nazioartean protagonismo handia hartzea izango da, eta presidenteak horretan ere erakutsi du bere trebetasuna, Ekialde Hurbilarekiko bitartekotza edo Iranekiko akordioak eginda, esate baterako.

Beraz, kanpo eta barne erronka handiei aurre egin behar die Turkiak aurrerantzean, aro berri baten hasiera izan daitekeen honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo