GARA > Idatzia > Gutunak

Tomas Anjel Gonzalez Zabalbeitia Abanto

Ez Sarkozy jauna, ez

Frantzian bost urteko ume bat bortxatu duen gaizkile berriz egile baten atxilotzeak piztu du berriro eztabaida sakona hedabide guztietan, eta batez ere Sarkozy presidente jaunari aukera eman dio dituen ideiak plazaratzeko.

Kasu hau (bortxaketa) aipatze hutsak hotzikara dakarkigu, baina gertatu da eta, zoritxarrez, etorkizunean berriro kasu antzekoak ikusiko ditugu.

Nik, herritar xumea naizen aldetik, zeharo deitoratzen dut izugarrikeria hori. Horrek, ordea, ez du esan nahi Frantziako presidenteak martxan jarri nahi dituen neurriak gustatu zaizkidanik. Horrekin batera esan behar dut lotsagarria iruditu zaidala Sarkozyk erabili duen eszenifikazioa agerian jarriz, bere aldarte oportunista eta populista egoera mingarri hau aprobetxatuz, irudia indartzeko eta autoritarismo gehiago bilatzeko.

Aldi berean, ematen du justizia baino gehiago mendekua bilatzen duela, lehen bezalaxe begia begi truk kanpaina martxan jarriz, herritar eskuindar batek baino gehiagok entzun nahi duen bezala. Gai honi dagokikonez, burutazio berezia datorkit burura: Ameriketako Estatu Batuetako elizgizon kondenatuei zigor berdinak jarriko dizkiete?

Pederasten maltzurkeriak eteteko proposatzen dituen neurrien artean (bizi arteko espetxea edota ospitale berezietan sartzea), zalantzarik gabe, eztabaidagarriena irentze kimikoa (libidoa jaisteko) izango litzateke. Zenbait lekutan dagoeneko erabili dute emaitza handirik erdietsi gabe. Eta ez hori bakarrik. Sendagile eta espezialista gehienek azpimarratu dute, irentze kimikoa baztertu ondoren, hori egin nahi dutela ahalik eta bitarteko gutxien erabiltzeko. Gainera, irentze kimikoak inhibizio sexuala ekarriko luke, baina datu guztien arabera, kontua ez da testosterona maila, baizik eta gehienetan desbideratze psikologiko bortitza eta sailkaezina. Hori dela-eta, gakoa ez legoke irritsean, azpimarratzen denean hala ikus dezakegunez, pederasten artean batzuk adinekoak direlako eta horiek nahitaez oso testosterona maila baxua dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo