GARA > Idatzia > Kultura

Euskal museo guztiek ez dute azterketa gainditu

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hizkuntzaren egoera aztertu du Euskal Herriko 19 museotan. Ondorioa oso latza izan da, gehienetan, euskararen lekua izan beharko lukeen baino txikiagoa baita.

p047_f02_97X88.jpg

Ianire RENOBALES | BILBO

Kontseiluak Euskal Herri osoko 19 museo bisitatu ditu uda honetan. Helburua euskararen egoera aztertzea izan da, eta emaitzen berri emateko, atzo Bilbon izan ziren Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko instituzionaleko arduraduna eta Ione Josie Kontseiluko karguduna Iparraldean.

Erakunde horrek argitaratzen duen aldizkarian, azterketa monografiko bat egin ohi dute; erabilerari buruzko azterketa bereziak, alegia. Museoetara aldez aurretik abisatu gabe joan izan dira kideak. Bisitaldietan hainbat elementu izan dituzte kontuan, horien artean: giza baliabideak (txartel-saltzaileak eta langileak), espazioa, artelanen izena, argibideak edo banatzen duten doako materiala.

Aztertutako museoen %63n euskaraz egiten dute harrera (zazpitan ez dira zerbitzua emateko gai izan); esku-orriei dagokienez, %22 gaztelaniaz banatzen dituzte; txartelen erdia baino gehiago erdara hutsean edo hizkuntza hori nabarmen dela saltzen dituzte; erakusketaren oinarrizko informazioari dagokionez, %47n agertzen da euskara orekaz eta sei museok baino ez dute bisita gidatuak hizkuntza horretan eskaintzen. Galdetegi bat egin dute eta 30 puntu lor zitezkeen orotara; hainbat emaitza izan da.

Gipuzkoak gainditu du

Segurako Erdi Aroko Museoak eskuratu du emaitzarik onena, 21 puntu. Ondoren, Gipuzkoako Zumalakarregi, Kutxagunea, Untzi Museoa eta Bilboko Guggenheim izan dira, 18 punturekin. Lorpen handia den arren, Iñaki Lasak uste du zerrendaren erdialdetik hurbilago daudela, eta oraindik, lan handia dagoela egiteko.

Bestalde, badaude puntu bakar bat ere lortu ez duten museoak. Baionako Bonnat eta Nafarroako Unibertsitateko Zientzia Museoa aipatu behar dira hemen.

Nahiz eta Iparraldean horrela ez den, Nafarroan eta EAEn legez aitorturik dago euskara berezko hizkuntza dela. Horiek hala, Kontseiluak ondorioztatu du hizkuntza-eskubideak ez direla guztiz bermatzen. Eskubideen aitorpen unibertsalean, 45. artikuluak erreferentzia zuzena egiten die museoei: «Hizkuntza komunitate orok eskubidea dauka lurraldeko lengoaia propioak toki nagusia har dezan kultur gertakarietan eta zerbitzuetan».

Hau ez da Kontseiluak egin duen azterketa bakarra. Aldizkariaren lehenengo zenbakian jogurten etiketak aztertu zituzten, eta gero, produktu hori ekoizten zuten zenbait enpresak euskara sartu zuten. Ostean, zinema aretoen txanda iritsi zen otsailean. Lasaren aburuz, zinemekin alderatuz, museoek emaitza hobeak atera dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo