GARA > Idatzia > Kultura

Tarregako jaialdian bost euskal antzerki taldek hartuko dute parte

Euskal Herriko antzerki taldeek Tarregako Antzerki Jaialdian hartuko dute parte aurten ere. Bertan izango diren taldeak Taun Taun, Kukai eta Logela Multimedia, Trapu Zaharra, Iñaki Mata eta Deabru Beltzak dira.

p050_f01_148x88.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Urteroko hitzordua bihurtu da euskal antzerki edota animazio taldeentzat Tarregako Kale Antzerki Jaialdia. Izan ere, orain hamaika urtetatik urtero-urtero bertan izaten dira Euskal Herriko konpainiak «Euskal Teatroa» ekimenaren barruan. Kataluniako antzerki jaialdiak eta Lakuako Kultura Sailak sustatzen duten ekimena dena, hain zuzen ere.

Jaialdia aurten irailaren 6an hasi eta 9an bukatuko da eta bertan, bost euskal talde izango dira: Taun Taun Teatroa «Batuta» lanarekin, Kukai dantza taldea eta Logela Multimedia «Latidos»ekin, Trapu Zaharra konpainia «Visa vis»ekin, Iñaki Mata «Barreras» lanarekin eta Deabru Beltzak «Bande deplacee»rekin.

Horiek hala, Jaialdiko Jordi Colominas zuzendari artistikoak, Tarregan egongo diren taldeen lanak «topikoetatik ihesi kalearekin zerikusia duen guztia» biltzen dutela argitu zuen. Era berean, Kataluniara joango diren euskal taldeen kalitatea goraipatu zuen. «Euskal taldeek garena eta lortu nahi duguna islatzen dute», argitu zuen alde horretatik Colominasek. Hain zuzen, emanaldien kalitateari garrantzi handiagoa emateko asmoz gainera, aurtengoan 59 ikuskizun bakarrik antolatu dituzte, iaz baino 21 gutxiago.

Jaialdiko zuzendari artistikoak euskal taldeek bertan egingo duten lanen gainean ere hitz egin zuen. Horiek hala, Taun Taun Teatroaren «Batuta» lana aurkezteko «berrikuntza» hitza erabili zuen eta bere «poetika eta ikus-osagaiak» nabarmendu zituen. Taldeko Karlos Odriozolak gainera, ikuskizuna familientzakoa dela eta bertan musikak garrantzi handia duela argitu zuen. Irailaren 7an izango dira jaialdian 19.00etan eta 21.00etan herriko A udalerriko polikiroldegian.

Kukai dantza taldeak eta Logela Multimediak egingo duten «Latidos» lana, berriz, ikuskizun diziplina anitzekoa da eta euskal dantza tradizional garaikidea eta multimedia lengoaia nahasten ditu. Logela Multimediako Imanol Garaizabalek argitutakoaren arabera, «20 minutuko ikuskizuna da eta euskal musika, dantzak eta irudia nahastu ditugu». Bi emanaldi egingo dituzte, irailaren 8an eta irailaren 9an, Nazioen plazan, lehena 23.00etan eta bigarren egunean 21.30ean eta 00.30ean.

«Kalekoa eta momentukoa»

Trapu Zaharrakoak ere «Visa Vis» lanarekin izango dira, irailaren 7an 13.00ean eta 19.30ean Reguer B-n. Taldeko Santi Ugaldek «kaleko eta mementuko istorioak kalean eskaintzeko» obra dela argitu zuen.

Iñaki Matasen «Barreras» lana «sinplea, inpaktantea eta mingarria» dela argitu zuen Colominasek. Matasek kaleko lan horretan hesi fisiko eta sozialak saihestera bultzatu nahi ditu ikusleak, zuzendariaren arabera. Irailaren 6an eta 7an izango da, 19.00tan Itinerari 2 izena duen lekuan.

Deabrua Beltzak taldea ere izango da Tarregako Kale Antzerki Jaialdian, nahiz eta Lakuako «Euskal Teatroa» ekimenaren programan sartzen ez den kontratazioa berandu iritsi zelako. Biz- kaiko talde egin ohi duen moduan jaialdian ere perkusioa eta piroteknia tartekatuko dituzte «Bande deplacee» ikuskizunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo