Aspertzea... zarataren maitale ezkutua?
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
Opor egunak dira eta irribarre zaratatsuak baretu ostean, asperraldiaren sintomak agertzen dira oharkabean, atea jo gabe, olatuaren aparra bakarrik geratuz. Zarataren atzean ezkutaturik lozorroan iraun duten galderak esnatzen dira segidan, bata besteari besarkatuta biziko balira bezala. Ezkutuko maitaleak izango balira bezala. Isiltasuna. Aspertzea. Galderak.
Haurrek ez daukate ikastolarik eta euren jolas zaratatsuekin betetzen dituzte kaleak. Beti dago topatu beharreko altxorren bat, paradisu ezkuturen bat edota jaso beharreko irribarre galduren bat. Errepideak, berriz, auto ilaren zaratak eta keak betetzen dituzte. Maletaz beteriko pertsona asko dago euren auto barruan zain. Norabait doaz. Nonbaitetik datoz... Helburu zehatz batek burua betetzen duen bitartean, ez dago aspertze astunaren ondorengo galderentzat lekurik. Zergatik eta zertarako galderek berehalako erantzuna topatzen baitute mementoko xede konkretu baten aurrean. Hondartzara iritsi nahi dudalako. Etxera itzuli nahi dudalako. Kito. Antzerkiko pertsonaiak bezala. Badaki zer nahi duen. Badaki zertarako egiten duen egiten duena. Zerbait lortu nahi duelako. Eta jomuga horren inguruan mugituko dira bere ekintza guztiak. Errepideko bidaiariak bezala. Jolasean ari den haurrak bezala. Gure eguneroko bizitza arruntean bezala. Baina xede zaratatsuaren azpian, itsaso sakon bat bezala ezkutatzen dira galderak. Eta zarata baretzean, itsasbehera iristean, agertzen dira, aspertzea bezala hasieran, garrasiak bezala bukaeran. Opor egun hauek, galderak entzuteko garai bilakatzen dira itsasbehera iristen denean...
Antzerki Jaialdiak gertatzen ari dira gure inguruan. Batzuen azkena heldu den bitartean, jaiotzear daude besteak. Almagro, Merida, Ciudad Rodrigo, Tarrega... Antzerkiak bizirik dirau... Jaiotza berri bati hasiera emateko beharrezkoa izango ote da aspertzeak dakartzan mamuak entzuten jakitea -mina berpiztu ahal izateko? Aspertzea zubi bat izango ote da? Eta antzerkian?
Peter Brook-en hitz hauek etorri zaizkit gogora... «Aspertzea, jakin-mina esnatzeko gaitasun ezaren sintoma da. Nire lana, besteari jakin-mina piztea da, baina ezingo dut bestearen arreta lortu neure buruarekiko jakin-minik ez badut...».