GARA > Idatzia > Kirolak

«Beti amestu dugun aukera heldu zait, eta hori ez dit inork kenduko»

p041_f01_199X128.jpg

Pablo FEIJOO

Errugbilaria

Pablo Feijoo bere bizitzako ametsa betetzen ari da. Orain arte Spyro Bera Bera taldeko jokalaria izan da, baina berak gehien maite duen kiroletik bizitzeko parada izango du, Leicester talde ingelesak fitxatu baitu, eta talde hori ez da edonor, Ingalaterrako eta Europako onenetakoa baita. Hala ere, hasieran, behintzat, Waterloo taldean jokatuko du utzita, eta han saiatuko da bere maila erakusten.

Jon LEUNDA |

Pablo Feijoo donostiarra bere bizitzako ametsa bizitzen ari da. Aurten arte Spyro Bera Bera Donostiako taldean aritu da, Espainiako Ligako maila nagusian, baina Leicester talde ingelesak fitxatu du orain. Hala ere, Waterloo taldean jokatuko du utzita.

Nola sortu da Ingalaterrara joateko aukera?

Espainiako selekzioko entrenatzailea ingelesa da, eta asko mugitzen da; kontaktu asko ditu Ingalaterran. Hainbat taldetara bideoak bidali zituen, eta aukera hau sortu zait. Ni zoratzen nago, gutxitan heltzen baitira honelako aukerak.

Zure betiko ametsa bete duzu, ezta?

Bai, dudarik gabe. Denok nahi dugu kirol honetako profesionalak izan, baina badakigu oso zaila dela Euskal Herriko alde honetan. Nik, ordea, zorte hori izan dut, eta aprobetxatu nahi dut. Zer gertatuko den ez dakit, baina aukera hau ez dit inork kenduko. Orain arte telebistan ikusten nituen jokalariekin entrenatzeko parada izango dut, eta hori sekulakoa da. Jokatzen ez badut ere, haien ondoan asko ikasiko dudan zalantza izpirik ez dut, eta gerorako ere asko balioko dit.

Zein baldintzatan zoaz?

Hasiera batean, lau hilabeteko kontratua egiten zidaten, eta lehen talderako zen. Orain, urtebeterako egin didate. Nola nabilen ikusi nahi omen dute, baina Waterloo taldean jokatuko dut utzita. Astean lau egunetan Leicesterrekin entrenatuko naiz; eta besteetan eta jokatu, berriz, Waterloorekin. Dudan guztia emango dut nire maila erakusteko

Zein mailatan arituko zara aurtengo denboraldian?

Ingalaterrako Ligako Hirugarren Mailan jokatuko dut. Bere parekotasuna bilatzekotan Frantziako Ligara jo beharko genuke, eta Liga Federaleko Lehen Mailako talde batekin konpara dezakegula uste dut; gutxi gorabehera parekoak izango dira.

Noiz zoaz Ingalaterrara?

Hemendik hamar bat egunera edo han izango naiz. Asteburu honetan Leicester Baionara dator, eta harekin egongo naiz. Geroago itzuliko naiz Ingalaterrara.

Aurten Munduko Kopa jokatuko da, eta Liga nagusiak oso berandu hasiko dira. Zuena ere bai, ezta?

Ez, asteburu honetan abiatuko da Hirugarren Maila, baina nire transferrarekin arazo txikiren bat izan da, eta ez dut jokatuko. Ni ere berehala jokatzen hasteko moduan izatea espero dut, jokatzeko gogoz bainago.

Orain utzita beste talde batean jokatu behar baldin baduzu ere, lehen taldean jokatzen amaitzeko ilusiorik ez zaizu faltako, ezta?

Ez, dudarik gabe. Nik badakit hori oso zaila dela, maila handiko jokalariak baitaude. Ez da ahaztu behar Ingalaterrako eta Europako talderik onenetakoa dela Leicester. Nire gorputza ikusita eta hor dauden mutil horiena ikusita, alde handia dago. Gero ikusten dut, ordea, haiek urteak daramatela errugbia bakarrik egiten, eta nik ez. Saiatu, behintzat, egingo naiz, eta ongi ateratzen bada, primeran; bestela, berriz, bizitakoa ez dit inork kenduko.

Orain arte zenuen lanbidea utzi, eta orain errugbiarekin bakarrik pentsatu beharko duzu, ezta?

Bai, dudarik gabe. Informatikako ikasketak egiten ari nintzen, eta hura zen garrantzitsuena niretzat. Orain ere garrantzi handia izango dute ikasketek, baina errugbiak aukera bat eman dit, eta hori aprobetxatu nahiko nuke; hala ere, egiten ari nintzena ez dut atzean utziko.

Nola ikusten duzu Bera Bera aurtengo denboraldirako?

Nik uste dut talde ona egin dutela, ongi ibiltzeko modukoa. Liga irabaztea oso zaila izango da, baina ez dut uste azkeneko urte hauetako larrialdirik ere pasatuko dutenik. Talde ona egin dute, eta itxaropentsu nago; ongi ibiliko direla uste dut.

Zer esan dizute orain arte taldekide izandakoek?

Denak poztu dira. Hego Euskal Herrian denok gaude horrelako aukeren zain, eta kirol honetan gabiltzan guztiok badakigu iristen bada, zer-nolako garrantzia duen, oso zaila baita. Horregatik denek zoriondu naute, eta zorte ona opatu didate. Baina ez Bera Berakoek bakarrik, baita inguruko taldeetako jokalariek ere, eta hori beti eskertzen da, denak poztu baitira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo