GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Jokoak Zazpi Herrialdeetako Txapelketa

Euskal Herriko txapeldun guztiak batuko dira Atharratzen

Aurten inork ez du hutsik egingo, eta zazpi herrialdeak arituko dira nor baino nor etzi arratsaldean, 14.45etatik aurrera

p044_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako Txapelketa jokatuko dute etzi Atharratzeko Plazan. Eguraldi txarra baldin bada, berriz, Mauleko pilotalekuan izango da. Ekinaldiak, 14.45etan hasiko dira, nahiz eta kirolak beranduago abiatuko diren.

Txapelketa horretan, herrialde bakoitzak kirol bakoitzeko txapelduna aurkezten du eta, beraz, kirol bakoitzeko onenak ikusteko parada izango da, nahiz eta batzuetan aldeak ere handi samarrak izaten diren.

Aurtengoan, eta azken orduko aldaketarik ez bada, behintzat, zazpi herrialdeak izango dira Zuberoan. Aurten antolatuko duen herrialdeak arazo handiak izan ohi ditu taldea osatzeko, eta askotan geratu da parte hartu gabe. Hala ere, aurten behintzat, han izango dira, nahiz eta jakin azkeneko postutik ihes egitea oso zaila izango dela.

Nafarroa, faborito

Hala, Zuberoarekin batera, Nafarroa Beherea, Lapurdi, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa Garaia ere izango dira txapela eskuratzeko asmotan. Proba bakoitzaren ostean puntuak banatzen dira, eta gehien batzen dituenak eramaten du txapela.

Guztira hamar kirol izango dira ikusgai, eta honako hauek izango dira: Aizkora, trontza, harri-jasotzea, Txinga eroatea, ingude-altxatzea, lokotx-biltzea, zaku lasterketa, orga-jokoa eta lasto-altxatzea. Kirol bakoitzean, herrialde bakoitzeko txapelduna izango da.

Faboritoak aipatzerakoan, Nafarroa izango da; azken hiru urteetan txapela jantzi du, eta aurten ere nagusi izaten jarraitu nahi du. Bizkaia eta Gipuzkoa gertutik dabiltza, eta horiek ere prest daude txapela janzteko.

Lapurdi ere kontuan hartu beharko da. Irabaztea oso zaila izango du, baina garbi utzi dute estreinako hiruretan sartzeko ahalegina egin nahi dutela. Herri kirola asko indartu da herrialde horretan. Aukerarik gutxien, berriz, Arabak, Nafarroa Behereak eta Zuberoak izango dituzte. Horien helburua lan ona egin, eta parte-hartzea izango da.

Etzi Atharratzera joaten denak kirol mordo bat ikusteko parada ederra ukanen du, eta dena oso merke, sarrerak 5 euroan egongo baitira salgai. Hori bai, goiz joatea komeni da, harmailak erabat beteta izatea espero baitute, eta leku ona harrapatzeko asmoa duenak goiz joan beharko du.

Jendetza handia

Lehiaketa Atharratzeko Plazan jokatuko dute, baina eguraldiak lagunduko ez balu, Mauleko pilotalekura pasako lukete. Hori bai, jokatzen den lekuan jokatu, sekulako jendetza iragartzen da.

Txingalari onena zein den erabakita geratuko da Donostian

Euskal Herrialdeetako Txapelketa jokatu aurretik, Euskal Herriko Txinga Txapelketa jokatuko da Donostian, bihar 18.30ean. Neskak eta mutilak arituko dira onena zein den erabakitzeko.

Mutilek, 50 kilokoak erabiliko dituzte, eta hauek arituko dira: J.J.Agirregabiria, J.Agirregabiria, Alberdi, Barron, Bilbao, Hierro eta Uriarte arituko dira Euskal Herriko txapelaren atzetik

Neskek, berriz, 25 kiloko txingak izango dituzte, eta honako hauek hartuko dute parte: Almandoz, Pikabea, Sousa, Gulova, Moreno eta Berasategi.

Bi probetan, kirolariek denbora librea izango dute, eta ahalik eta plazarik gehien, edo metrorik gehien egitea izango da helburua. Hori lortzen duen kirolariak jantziko du Euskal Herriko txapela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo