Street Zinemak skatea bizitzeko mila modu jarriko ditu ikusgai
Datorren astean ospatuko da Street Zinema nazioarteko jaialdiaren laugarren edizioa Donostian. Ekimenaren helburua skatea eta honen inguruan biltzen dena irudi bidez azaltzea da eta, horretarako, AEB, Japonia, Mexiko zein Euskal Herriko bideoak izango dira ikusgai.
GARA | DONOSTIA
Donostiako hiru aretok oinarri gisa skate-a hartuta egindako zenbait bideo hartuko dituzte hurrengo ostegunetik, irailak 6, igandera bitartean. Street Zinema nazioarteko jaialdiaren laugarren edizio honetarako, besteak beste AEBetan, Japonian, Argentinan eta Donostian bertan sortutako bideoak hautatu dituzte. Hartara, ostegunean Artelekuko aretoan Bartzelonako Azur95 Proyects taldearen «Arte Bastardo», Playground estatubatuarraren «The Run Up» eta Takahiro Morita japoniarraren «On the Road» emango dituzte. Lehenengoak, dokumental formatuan aurkeztua, skatea, graffitia, taldean edatea eta prostituzioaz hausnarketa egiten du, «hiri debekuen» gaineko azterketa batean. Bigarrenak iparramerikako skate artista interesgarrienak irudikatu ditu, Chris Pastras eta Wes Humpton, esaterako. Japoniarrak, aldiz, Tokioko Fat Bros Skateshop dendan biltzen diren patinatzaileen irudiak eskaini ditu.
Bigarren emanaldi-sorta Donostia eta Irungo skatelari gazte talde batek irekiko du, Skating Irun Teamek, «S.i.T.2» bideoarekin. Mexikoko Producciones TS -ren «Zacas»-ek Tijuana hiriko egungo eszena gerturatuko du, AEBetako Derd Films-ek Kaliforniako giroa ekarriko du «Yeah Brother» zintaren bidez eta, eguneko emanaldiekin amaitzeko, Ingalaterrako Done Videok Diego Doural eta Mark Foster patinatzaileen irudiak ekarriko ditu, ekoizlearen izen bera daraman («Done Video») bideoan.
Larunbatarekin, Ricardo Gonzalez eta Miguel Cuadrado asturiarrek beren kabuz egindako «Winfli» emango dute, Oviedoko eszena erakusgai jarriko duena. Jarraian, Estatu frantseseko «Nouvelle Vague»-ek (Sebastien Abes eta French Kiss Production) Korea, Hungaria, Irlanda, Arabiar Emirerri Batuak zein Kanadan hartutako irudiak eskainiko ditu eta Argentinako «Pibes en la calle»-k Buenos Airesko skate panorama erakutsiko du. Takahiro Morita japoniarraren bigarren lan batek, «Underground broadcasting», itxiko du eguna.
Klasikoak «Old is Cool»-en
Azken egunerako utzi dute «Old is Cool» atala, bideo klasikoak eskainiko dituena. Aurtengoan bi zintza estatubatuar emango dira: «Streets on Fire» eta «Génesis». Lehenengoak, 1989 urtekoa, besteak beste Steve Albak, Claus Grabkek edota Jeff Grossok aldapa eta igerilekuetan barrena egindako mugimenduak ekarriko ditu. Bigarrenean, orain hamar urte ekoitzia, Jose Gomezen motion graphic-ak (mugimendu grafikoak) ekarriko ditu gogora, beste skatelari batzuekin batera.
Nazioarteko bideo emanaldiez gainera, Amarako Ernest Lluch kultur etxean skateboardarekin lotutako artistek argazkia, serigrafia, X izpiak, margoa eta «sticker»-a edo eransteko artea erabilita sortutako obren erakusketa osatu dute, gaurtik irailaren 22ra bitartean.
Street Zinema: Donostian egiten den nazioarteko zinema jaialdia. Oinarria skate-aren inguruko ikus-entzunezkoen proiekzioak eskaintzea da.
Data: Irailaren 6tik 9ra.
Emanaldiak: Ostegunean Artelekun, hurrengo bi egunetan Kutxa aretoan (Arrasate, 12) eta igandean 27 Horas zineklubean (Eustasio Amilibia, 5). Proiekzio guztiak 19.00etatik 22.30era.
Sarrera: Doakoa. Aretoa bete arte.
Info. : <www.street-zinema.net>