Xabier Izaga Irakaslea
Irakurri nahi ez duen jende arriskugarria
Herenegun «The Washington Post» egunkariak jakinarazi zuenez, Cho Seung-huik, Virginia Techeko Unibertsitatean 32 ikaskide hil zituen gazte hegokorearrak, Hizkuntza ikasgairako idazlan batean kontatuta zeukan urtebete geroago egingo zuen sarraskia. Ez dakit berri hori mutilaren Hizkuntza irakaslearen erantzukizun eske datorren edo aurrerantzean Hizkuntza irakasle guztiek testuen egiturari, koherentzia eta kohesioari, aberastasunari, puntu eta komei ez ezik, zantzu psikologiko makurrei ere erreparatu eta, baldin idazle bikain baten edo terminator baten aurrean ote dauden zalantzarik badute, idazlan susmagarria Poliziaren esku jar dezaten.
Duela bi urte New Orleans urperatu zuen urakanak eragindako hondamena ere iragarrita zegoen. Idazlan batean ez, hamaikatan baizik. Hilabete lehenago, urtebete lehenago, bi urte lehenago... hainbat ikerketa zientifikok deskribatu zuten, Cho Seung-huik bere triskantza baino zehatzago, Katrinak edo beste femme fatale batek nolako txikizioa egin zezakeen. Nolako txikizioa egingo zuen. Eta zer egin behar zuten gerta zitekeena, eta gertatu zena, ez gertatzeko. Baina orduan, orain bezala, AEBetako agintariek beste kezka -eta negozio- batzuk zituzten handik kilometro askora eta, nolanahi ere, alferrikakoa da nik jende horren erantzukizuna salatzea.
Eta hamaika txostenetan idatzita dago, halaber, Itoizko urtegiak sortzen duen arriskua. Baina oraindik ez dela ezer larririk gertatu esango didate. Ez gutxi, ilegaltasunetatik engainu nabarmenetara, Julio Villanueva solidarioa morroilope daukatela -eta beste bi kartzela zigorra beteta- ahaztu gabe. Ez ahal da larriagorik gertatuko. Kontu negargarri horri dagokionez ere ez nator erantzukizun bila, aurreko paragrafoan eskatzea bezain alferrikakoa izango litzateke-eta. Gainera, ez dut nik alarmarik joko: horretaz natura, New Orleansen bezala hemen ere mendean hartu nahi duguna, arduratzen da. Itoitz inguruko lurren orroak, aieneak, dagoeneko ez dira albiste, ordea.