GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erraustearen aurkako 1.456 alegazio jaso ditu Lakuako Ingurumen Sailak

Erraustearen kontrako Gipuzkoako plataformak biltzen dituen koordinakundeak 1.456 alegazio aurkeztu ditu Lakuako Gobernuko Ingurumen Sailean, plantarik eraiki ez dezaten. Greenpeace talde ekologistak ere gauza bera egin du eta «arautegia hautsi» dutela salatu du.

p016_f02_199x108.jpg

Maider IANTZI |

Donostiako Udala Hiri Antolaketaren Plan Orokorra aldatzeko kontsulta egiten ari da Zubieta gainean hondakinak erraustu ahal izateko, baina herritar eta elkarte ugari ez dago ados zaborrak kudeatzeko modu horrekin. Plan Orokorra aldatu ez dezaten eta Arzabaletan plantarik eraiki ez dezaten, Erraustearen kontrako Gipuzkoako Plataformen Koordinakundeak eta Greenpeace Gobernuz Kanpoko Erakundeak alegazioak aurkeztu zituzten atzo Lakuako Ingurumen Sailak Donostian duen egoitzan.

Koordinakundeko lagunak kaxa astunekin sartu ziren Villa Begoñara. 1.456 herritarren alegazioak zeuden barrenean, Arnasa, Donosti Bizirik eta Ekologistak Martxan taldeek bilduak. Bozeramaileek azaldu zutenez, urteak daramate erraustearen kontra lanean, osasunean eta ingurumenean «eragin gogorrak izan ditzakeelako» eta Gasteizko Gobernua «ez delako ezarritako legeak betetzen ari». 2.000 metroen legea aipatu zuten horren adibide: «Eragozpenak sortzen dituzten ekintzak egiten diren eraikinak ezin dira hiriguneetatik 2.000 metrora baino hurbilago egon», agintzen du legeak. Hala eta guztiz ere, errauste-planta egin nahi duten tokitik 500 metrora baserriak eta etxebizitzak daude.

Bertzalde, Lurralde Plana egiteko lehiaketa bat jarri zuten martxan orain dela hiru hilabete. «Lakuako Gobernuak dagoeneko dena antolatua zuen, ordea. Bazekien nolako planta eta non egin», ohartarazi zuen koordinakundeak. «Kontraesankorra» iruditzen zaio «guztia erabakia izatea eta Lurralde Plana egin gabe egotea».

Ingurumen Saileko webguneko dokumentuak irakurri ondotik, informazioa «aski ezaguna» dela eta ez duela deus berririk azaltzen salatu zuen. Gainera, dena gaztelaniaz idatzia dagoenez, albisteak euskaraz jasotzeko eskubidea urratzen dela kritikatu zuen.

«Irregulartasunez beterik»

Greenpeace nazioarteko talde ekologistak ere aurkeztu zituen alegazioak Ingurumen Sailean, «informazioa eskura izateko, parte hartzeko eta naturaren eta osasunaren babeserako Estatuko arautegia hautsi» izanagatik. Toxikoen arduradun Sara del Rioren ustez, «Plan Orokorra aldatzeko saiakera hau irregulartasunez beterik dago. Inplikatutako instituzioek argi dute zaborra erretzea dela helburua eta ez dute trabarik nahi».

«eragin larria»

Ekos enpresaren txostenaren arabera, geologian, edafologian, lurrazaleko eta lur azpiko uretan, landaredian eta paisaian «oso eragin larria» izan dezake proiektuak, baita animaliengan ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo