Tulsa taldea, ondo egindako lanari saria
Grammy sari entzutetsuetarako proposamenen artean bada oraindik urte asko ez, baina kalitatea sobera duen talde bat: Miren Iza hondarribiarraren eta Alfredo Niharra bilbotarraren Tulsa taldea, hain zuzen, Artista Berriak sailean. Merkatuan lan bakar bat baino ez dute eta Niharrak, esate baterako, Madrilerainokoa egin behar du taldearen entseguetara joateko, Bilbon lan egiten baitu; beraz, ezin esan Tulsa taldea Grammy sarietarako proposatu izana ibilbide luze eta arrakastatsu baten ondorio denik. Horrek, ordea, taldearen kalitatearen erakusgarri da. Eta horrekin zerikusi handia du Miren Izak, Alfredo Niharrak berak dioenez, taldearen arima baita konpositore eta kantari hori. Oraingoz proposatuta baino ez daude; hala ere hori bakan batzuek baino lortzen ez duten maila da eta, gainera ate asko irekiko dizkie, nazioartean ezagunak izateko aukera, besteren artean.
Tulsakoak ez dira Grammy sarietarako proposatutako lehen euskal herritarrak, 2001ean Maria Bayo sopranoa ere proposatu baitzuten Kantari Klasikorik Onena sailean, eta 2004an kepa Junkera, Folk Diskorik Onena sailean, proposatua ez ezik saritua ere izan zen. Ez dira asko sari horietara hurbiltzea lortzen duten talde edo bakarlariak, eta ondo egindako lanaren ondorioz iristen direnak, kasu honetan bezala, txalotu egin beharra dago.