Talibanek bahitutako hegokorearrak aske eta krisia modu egokian bukatuta
Afganistanen bahitutako hemeretzi hegokorearrak libre daude atzo, espero zen bezala, talibanek azken zazpiak askatu ostean. Seguruenik Hego Koreako eta munduko herritar askoren ustez behar bezalako irtenbidea izan dena, ordea, ez da zenbait gobernuren gustukoa izan. AEBetako eta Kabulgo gobernuak, esaterako, haserre agertu dira Seulek amore eman omen duelako, eta «terroristekin ezer negoziatzerik ez» dagoelako leloari eusten diote. Hala ere, eta beharbada gehiegi eskatzea bada ere, hausnarketa egin beharko lukete jarrera horretaz. Izan ere, ez da gauza bera jendaurreko diskurtso manikeoa eta arazo gordin konkretu bati aurre egitea. Kabulgo Gobernuak ez zuen gauza bera esan italiar baten askatasuna negoziatu zuenean. Beraz, hipokrisia hori sobera dago. Hego Koreak Afganistanen dituen tropek alde egingo dute, baina aldez aurreko galdera bat egin beharra dago: zer dela-eta zeuden tropa haiek herrialde inbaditu hartan? Orain Seulek bere herritarren segurtasuna, bizia, bermatzea lehenetsi du eta, bide batez, erakutsi du arazoei konponketa arrazionala bilatzea ez dela lotsatzeko modukoa. Aitzitik, zoritxarreko ondorioetara daraman jarrera da lotsatzekoa.