GARA > Idatzia > Euskal Herria

VI. Elkartasuna-Etorkizuna kultur topaketa egingo dute irailaren 8an Hazparnen

p015_f03_088x072.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Duela bost urte hainbat kultur talde bildu eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako taldeak ezagutu eta elkartzea erabaki zuten, sare moduko bat eratzeko asmoz. Horretarako, urtero lurralde bat aukeratu eta bertako herri batean besta bat antolatu dute. Hala, egitasmoan parte hartzen duten dantzari, kantari eta musikari taldeak biltzen dira. Usurbilen egin zuten lehen aldiz topaketa hori, eta aurten Lapurdiko Hazparne herrian prestatu dute, irailaren 8an. Aurkezteko agerraldia egin zuten atzo; lehenik Hazparnen eta gero Iruñean.

Iruñean ezagutarazi zuten besta iragartzen duen kartela, eta irudian eskuak elkar harturik ageri dira, horixe baita helburua: Euskal Herri osoko kultura taldeak elkarrekin biltzea eta urtearen buruan ere elkarrekin ekimenak egiteari bidea ireki. Haritza ere ageri da argazkian, eta bi dira zuhaitz hori aukeratzeko arrazoiak: Batetik, euskaldunen antzinako ikurra da, burujabetasuna adierazten duena, eta bertzea, besta eginen den herriaren esanahia dela da; haritzen barrenean erran nahi du Hazparnek.

Orain arteko edizioak taldeen topaketa izan dira, eta egitasmo itxia izan da; aurten, ordea, ekimena gizarte osoari zabaltzeko asmoz, parte hartzeko gonbita egin diote gizarteari. Irailaren 8an, goizeko 11.00etan kalejirarekin abiatuko da eguna. 13.00ean «zintzur bustitzeko» aukera izanen da Hazparneko ezker paretan, eta 14.30erako bazkaria antolatu dute. Arratsaldean kantua, dantza eta musika bilduko dituen emanaldia burutuko da, eta ikuskizunaz gozatzeaz gainera, parte hartzea nahi dute.

Hazparneko Joaldunen ordezkariak nabarmendu zuenez «xedea elkarrekin egun goxo bat pasatzeaz gain, Euskal Herriko lurraldeetako euskaldunon artean harremana sendotzea da». Antolatzaileak, Tuterako Beterri peña, Usurbilgo Nafartarrak taldea, Urdiñarbeko Biltxo-ko, Arabako Añana Euskara Mingainean, Basauriko Sustraiak, Iruñeko Orreaga Fundazioa, Baigorriko Basaizea, Hazparneko Kaxkarrotak, Elgar-oinka, Eihartzea, Ttattola eta Joaldunak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo