Alde Zaharraren egunean, botxa jokoan neurtu zituzten indarrak berriozartarrek
Berriozarrek hirigunea eta herria ditu, eta bestetako ekitaldi gehienak hirian diren arren, atzoko eguna herriari eskaini zioten, Alde Zaharrari. Goizean meza eta dantza saioa egin ondotik, botxa lehiaketa jokatu zuten, Nafarroako herri batzuetan egiten den jokoa, eta arratsaldean gauza bera egin zuten txikiek. Zurezko pilotekin burdinazko bola txiki bati ematean datza jokoa, eta bi talde lehiatzen dira elkarren aurka, 15 puntu nork lehenago egin.
Jasone MITXELTORENA |
Bestetako bigarren eguna zuten atzo Berriozarren, eta ohi duten moduan, egun nagusia Alde Zaharrean ospatu zuten, hara lekualdatu baitzituzten ekitaldi guztiak. Goizean meza eman zuten hango elizan, eta jarraian Maiordomoen dantza izan zen. Horren ondotik, Txori Zuri helduen dantza taldearen eta Hulargi taldeko dantzari txikien txanda izan zen. Dantzaldia amaitu zenean, Maiordomoek otamena banatu zuten bertaratutakoen artean. 12.30 aldera, ikusmira sortzen duen botxa txapelketako finala jokatu zuten elizako atarian horretarako prestatuta dagoen eremuan.
Botxa jokoa harea dagoen eremu itxi batean jokatzen da, eta botxa izeneko zurezko pilota bereziekin burdinazko bolatxo bat jotzean datza. Egiatan ttipia da bolatxoa, «botxina» deitzen zaiona, eta hondarrezko zoruan trebezia handiz bota behar dira botxak, mantso eta zehaztasunez, botxinara ahal den eta gehien hurbildu ahal izateko.
Lehiketan bi talde osatzen dira, bakoitza bere botxekin, batzuk zuriak eta bertzeak beltzak, eta botxak botxinara gehien hurbiltzen dituen taldea ateratzen da txapeldun. Hori bai, puntuak gehituz joaten dira saialdi bakoitzean, eta hamabost tantora iritsi beharra dago irabazteko.
Berezia da jokoa, eta horretan aritzeko leku bat bereziki prestatua du Berriozarrek. Egurrez itxitako eremu bat dago lurrean, elizako atariko parke ttipian, eta kontu handiz prestatzen dute zorua: lona batekin estalirik babesten dute jokoaren ordua iritsi arte, eta estalkia kenduta- koan, hostoak eta gainerako zikinkeriak bereizi behar dira. Hondar gehixeago bota eta urez umelduta, zorua erabat laua eta leuna uzteko pala bat pasatzen zaio. Gisa horretan, botxak be- re bidea egin dezan prest gelditzen da «botxategia». Tantoak zenbatzeko markagailua ere badu botxategiak.
Aspaldiko ohitura
Berriozartarrek azaldu zutenez, Nafarroako hainbat herritan jokatzen dute botxan, hala nola Iruñeko Igeriketa Klubean, Amaia kiroldegian eta Irurtzun herrian. Aspaldiko jokoa omen da, eta Berriozarren galdu bazen ere, duela hogei bat urte zenbait herritarrek berreskuratu zuten. Egun Berriozarko Kirol Taldea arduratzen da txapelketa antolatzeaz, eta abuztuan egiten dira saioak. Hilabetearen hasieratik, parte hartzen duten taldeak elkarren kontra aritzen dira, eta amaieran, herriko bestak direnean, finalak jokatzen dituzte.
Aipatu bezala, helduen eta haurren mailak bitan banatzen dira. Helduetan 16 urtetik gorakoak aritzen dira; eta txikietan berriz, 14 urteak bitartean.
Berriozar herri zaharra
Berriozar bitan banatuta dago: herri zaharra Ezkaba mendiaren magal batean dago, eta harrizko etxe dotoreak daude bertan. Gainera, ikuspegi ezin hobea du handik: Iruñerriaren zati handi bat hartzen du, Erreniegatik Etxauriko Harriraino, eta mendebaldera Gaztelu eta Txurregi puntak ikusten dira. Herriaren azpiko aldean, berriz, Berriozar berria edo hiria. Gaur egun biztanle gehienak behean bizi dira, eta herriguneak txikiak diren herriei darien xarma mantentzen du.
Datozen egun hauetan ekitaldiek hirigune berrian jarraituko dute. Gaur bertan, 17.00etan, haur burrunba izanen da Zulo Alai elkartetik aterata, eta 18.30ean txistor-jana eginen dute Txoko elkartean. Bihar Flamenko Jaialdia eginen dute Nafarroako Emaileen Plazan, abes- batzaren, dantzarien eta kantarien eskutik.
Gaur gauerdian kontzertua izanen da Errota Kalean, Los Del Gas eta Barricada taldeekin. Bihar, Flamenko Jaialdia eginen dute Emaileen Plazan, eta igandean Pantxoa eta Peioren saioa izanen da, 19.00etan, leku berean.