Pilar Arana Perez Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendari nagusia-Gipuzkoako Foru Aldundia
Lurraldebusek ez digu iruzurrik egin
Andoni Pombo lagun hori: Esatera natorkizu osatugabea eta, beraz, okerra dela zuk emandako informazioa, azken asteburu honetan zenbait hedabidetan argitaratu duzun gutunean. Egia da, bai, aurreko ikasturtean ikasleek hileko 71 euro ordaintzen zutela garraio bonoa. Eta egia da, halaber, Lurraldebuseko txartela 97,63 euro ordaindu beharko dutela, urrian adibidez. Baina jakin behar duzuna da txartelak ez duela bonoa ordeztuko. Hau da, bi garraio moduak mantendu egingo dira, eta zuri dagokizu zein aukeratu erabakitzea, bata zein bestea baloratu ondoren.
Izan ere, La Guipuzcoana autobus-enpresak, Lurraldebusen sartuta egonda ere, mantendu egingo ditu ikasleentzako bonoak, orain arteko baldintzetan. Bono horiek, dena den, aukeratu den ibilbiderako bakarrik balioko dute, hau da, Azkoitia-Donostia, Azpeitia-Donostia edo Zestoa-Donostia ibilbiderako.
Bonoari esker, ikasleak urriko 22 lanegunetan joan ahalko du bere ikastetxera. Ez egun gutxiagotan, baina ezta gehiagotan ere. Izan ere, bidaia gehiago egin nahi izanez gero, 3,50 euro ordaindu beharko ditu bakoitzeko.
Lurraldebuseko txartelari esker, berriz, zure ikastetxera egunero joateaz gain, behar bezainbat bidaia egin ahalko dituzu, baita larunbatetan eta igandetan ere, eta prezio murrizketak izango dituzu, bidaia kopuruaren arabera.
Badago garrantzizkoa izan daitekeen beste desberdintasun bat. Hau da, ikasle bonoa hilaren hasieratik ordaindu beharko duzu, zenbait bidaia egingo dituzun alde batera utzita. Lurraldebusen kasuan, berriz, zuk erabaki dezakezu txartela diruz noiz hornitu eta zure beharren arabera noiz erabili. Hau da, honegatik edo hargatik zerbitzua erabiltzeari utziko bazenio, ez zenuke dirurik galduko.
Kontua, beraz, ez da edonolako txartel hartzera behartzea, baizik eta dauden bi aukeretatik zuk nahi duzuna aukeratzea.
Horixe zen, bada, nire asmoa, Lurraldebuseko erabiltzaileei txartela zertarako den argitzea, alegia. Azalpenak mesedegarriak izan direlakoan, eta guztion artean sistema hobetuko dugulakoan, adeitasunez agurtzen zaitut.