Herri baten ahalegin itzela bizilagun bati osatzen laguntze aldera
Zorigaiztoko ezbeharra izan zuen, futbol partida bat jolasten ari zela bihotz eta arnas etenaldia izan eta min neurologikoak eragin baitzizkion. Baina osatzeko herrian jaso duen laguntzarekin gustura egoteko arrazoiak dauzka, gazte zein helduagoak bere osasun egoera hobetzeko dirua lortzen ari baitira. Amak apenas du hitzik herritarren laguntza eskertzeko.
Maider EIZMENDI
Arkaitz Ariznabarreta zegamar gazteari eta euren senide eta lagunei nekez ahaztuko zaie iazko azaroaren 19ko eguna. Orduan, Etxarri Aranatzen futbol txapelketa batean parte hartzen ari zela izan zuen zorigaiztoko ezbeharra, arnas eta bihotz etenaldia sufritu baitzuen. Medikuak iritsi eta gaztea erreanimatu bitartean denbora igaro zen eta, ondorioz, kalte neurologikoak izan zituen. Denbora luzean egon zen ingresatuta, lehenik Nafarroako Ospitalean, ondoren Donostiako Matian eta egun Arrasateko Aita Meni zentroan jasotzen du tratamendua. Amak ondo gogoan du azaroaren 19ko gau hura. «Nik eraman nituen anaia eta biak bidegurutzera eta bertan lagunek jaso zituzten eta Etxarri Aranatzera abiatu ziren, jokatzera. Ondoren esan zigutenaren arabera, Arkaitz jokatzen hasi eta berehala sentitu zen gaizki. Erori egin zen lehenik eta altxa eta berehala berriz erori zen konortea galduta», azaldu du amak.
Zegamako herritarrak lehen unetik hasi ziren buru-belarri gazteai eta horren familiari laguntzen eta sostengua ematen; are gehiago gaztea osatzeko beharrezkoa den tratamenduak hilean 7.000 euroko kostua duela jakitean. Geroztik, zegamarrak Arkaitz Ariznabarretaren osatze prozesuak aurrera egin dezan lanean ari dira dirua batzeko makina bat ekitaldi eta ekintza bultzatuta.
Arkaitzen amak, Sabina Arakamak, apenas du hitzik herritarrak egiten ari diren esfortzua eskertzeko, baina ez du horretarako aukerarik galdu nahi: «Izugarri ari zaizkigu laguntzen denak: herriko enpresek beren laguntza eman digute, Arkaitzen lagunak eta herriko gazteak ere buru-belarri ari dira lanean. Herritar guztiak ari dira beren esfortzua egiten Arkaitzi laguntzeko, eta Arkaitz ezagutu ere egiten ez zuten beste asko ere bai, Udalak abian jarritako hiru kontuen bidez dirua eman baitute».
Dirua batzeko egin dituzten ekitaldian artean, ekainaren hasieran antolatu zuten musika jaialdia nabarmendu behar da. Trikizio, Berri Txarrak eta La Betty Trava taldeak aritu ziren Gipuzkoako herrian musika jartzen. Baina herrian ez ezik herritik kanpo ere egin dituzten ahaleginak eskertu nahi ditu Arkaitzen amak, orain gutxi Gabiriako jaietan egindako saialdia, esaterako. Bertan zegamarraren aldeko jaialdia antolatu zuten. Zozketa egin zuten eta afarian ateratzen zuten dirua eta gau horretan plazako txosnan lortu zutena ere Ariznabarretari emango dizkiote.
«Osatze prozesua geldoa izango da»
Izan ere, Arkaitz gaztea pilotan zegoen federatuta, eta ez futbolean. Hori hala, seguruak ez du bere gain hartu osatze prozesua. «Matian egon zen lehenik, baina bertan egiten zuen errehabilitazioa ez zen nahikoa Arkaitz osatzeko», azaldu du bere amak. Hori hala eta, tratamendua oso garestia bazen ere zegamar gaztea Aita Menira eramatea erabaki zuten. «Bi hilabetez bertan egon zen ingresatuta, gero etxera ekarri genuen. Egun, astean hirutan joaten da zentro horrek Donostian duen egoitzara», azaldu du.
Arkaitzen egungo osasun egoeraren gainean galdetuta, hobera egin badu ere, osatze prozesua luzea eta geldoa dela nabarmendu du Arakamak. «Medikuek esan digute pare bat urte ere igaro daitezkeela... Baina, hasiera batean bizirik irtengo zen esperantzarik ez ziguten eman, eta medikuek bizitzen bazen ere oso egoera txarrean egingo zuela jakinarazi ziguten. Egun, oraindik ere gurpildun aulkian dago eta hitz egiteko arazoak ditu, baina asko aurreratu du eta egunetik egunera nabarmentzen zaio aurrerapena, txikia bada ere», azaldu du amak.