Zuri-gorriak lanera itzuli dira
Ezker hegalaren «sorospenek» azeleragailua zapaldu dute
«Fitxatze» berriak egin ditzake Athleticek hurrengo egunotan, Del Hornoren eta Yesteren prestakuntza nola doan ikusita
GARA | BILBO
Hamar egun pasa dira merkatua itxi zenetik, baina Athleticek fitxatze berriak izan ditzake hurrengo egunotan. Taldeak, oro har, eta ezker hegalak, bereziki, esker ditzaketen sorospenak, Asier del Horno eta Fran Yeste baitira, azken finean, beren debutaren egunera gerturatzen ari direnak.
Oraindik ez dago argi Zaragozaren aurka jokatzeko aukera izango duten, baina biak ari dira beren prestakuntzan gogoz lan egiten hori ahalbidetzeko. Taldekideek hiru jaiegun disfrutatu dituzten bitartean, ezkerti biak Lezaman ibili dira jo eta ke.
Yestek, izan ere, taldekideekin batera lan egiteko aukera izan zuen joan den astean, uztailaren 24an ebakuntza gelatik pasa ondoren. Del Hornok lekukoa hartu zuen atzo eta zuri-gorriek egindako partidatxoan parte hartu zuen, inolako arazorik gabe, itxuraz behintzat. Defentsak lehiaketa erritmoaren bila dihardu eta horrela jarraituko du hurrengo egunotan, batez ere Koikilik -zigortuta- Zaragozaren aurkako partida ezin izango duela jokatu kontuan hartuta.
Zoritxarrez, albiste txarrak izan ziren atzoko lan saioan ere, Ion Velezek ezin izan baitzuen partidatxoan parte hartu, mediku zuri-gorriek azaldu zutenez, «pubalgiaren lehendabiziko aztarnak sumatzen» ari baita. Zubiaurrerekin, Yesterekin eta Expositorekin batera lan saio lasaiago bati ekin zion.
Batak ala besteak jokatu, zurigorriek argi daukate helburuak ezin diezaiekeela alde egin. Hau da, beharrezkoa da denboraldiko lehen garaipena lortzea, aurreko urteetako mamuen berragerpena saihesteko. Ander Murilloren ustez, «ezin dugu aritu finalak jokatzen hirugarren jaurdunaldian», baina «benetan martxan jartzeko behar duguna lehen garaipen hori eskuratzea» dela onartu zuen.
Aritz Adurizentzat ere garrantzitsua izango litzateke helburu hori lehen baino lehen betetzea, «beharrezkoa den lasaitasun puntu hori hartzeko eta gauzak ongi egiteko gai garela jakiteko. Baina ziur nago taldeak laster lortuko duela».
Hasieren garrantzia inork ez du zalantzan jartzen, batez ere aurreko denboraldietan gertatutakoa kontuan hartuta. Iaz sei jardunaldi behar izan zituen Athleticek lehen garaipena lortzeko; orain dela bi urte bi besterik ez zituen lortu lehen hamairu partidetan... Eta esperientzia kaxkar horiek errepikatzearen beldurrak sor dezakeen presioa ez litzateke batere komenigarria izango. Ildo horretan, puntu eta bereiz egin nahi izan zuen Adurizek atzo, «urte berria» dela gogorarazita. «Jende berri asko etorri da, gauza asko aldatu dira... Zerotik hasten gara, baikortasunez, gogoz eta ilusio handiarekin eta horrela eusten badiogu, gauzak ondo irtengo dira eta talde hobea izango gara aurreko bi urteotan izan garena baino».