GARA > Idatzia > Kultura

Euskal Herria Zuzenean-ek arnasberrituta egingo du aurrera

Lau urte dira Euskal Herria Zuzenean jaialdia Arrosatik Zuberoako Idauze-Mendira joan zela. Azken lau urteetan 30.000 ikusletik 15.000ra pasa da jaialdia, eta urtero diru galerak izan ditu. 2009ko proiektuaren inguruan EHZ arnasberritzeko asmoz lan taldea abiatu dute.

p047_f01_152x108.jpg

Eneritz ZABALETA | HAZPARNE

Hamabi urteko ibilbidea egin du jada Euskal Herria Zuzenean (EHZ) jaialdiak, udako eskaintza musikal alternatibo nagusiak. Zortzi urte Arrosako zolan iragan ondotik, Zuberoako Idauze-Mendira mugitu zen EHZ. Erronka handia izan zen ordukoa, Hazparneko Herriko Etxearen azken uneko ezezkoaren ondorioz, nola edo hala leku berri bat atzeman behar izan baitzuten jaialdiko laguntzaileek. Azkenean, Idauze-Mendiko gunean jarraitu zuen festibalak, eta azken lau urteetan bertan egin dute jaialdia.

Jaialdiko laguntzaileek, ezohiko biltzar nagusi batean, lau urteko ibilbidearen bilana egin, eta proiektua aitzina eraman ala ez eztabaidatu zuten. Izan ere, zenbakiei so eginez gero, azken lau urteetako zailtasunak argi agertzen dira. Arrosan 30.000 lagun biltzen zituen jaialdiak hiru egunetan. Idauze-Mendira joan denetik, 18.000 lagun elkartzetik 15.000 elkartzera pasa da EHZ. Datu horrek, eta pentze berriari egokitzeko zailtasunek (urtez urte gunea txikitzen eta egokitzen joan dira antolatzaileak, bilduago eta goxoago izan dadin), azken lau urteetan 60.000 euro galdu izana azaltzen dute. Aurten, jaialdiko musikari, hornitzaile, eta hainbat partaidek haien prezioak %10 apaldu izanari esker, oreka atzeman du festibalak.

Erran behar da, EHZ diru laguntza publikorik gabe egiten den musika jaialdi bakarrenetarikoa dela Euskal Herrian. Hori dela-eta, jaialdiko kideek urtero Zuberoan 15.000 ikusle biltzea datu polita izanik ere, Arrosako datuetara itzultzea opatu zuten. Horrela, Patxi Thikoipe Administrazio Kontseiluko lehendakariak helburu horiek zehaztu zituen: «Egunero 10.000 ikusle erakartzera iritsi behar gara. Modu horretan, euskara, ingurumena eta presoen egoeraren inguruan lan egiten duten elkarteak laguntzen ahalko ditugu».

Arnas berriaren bila

Zailtasun horien aitzinean, nekeak eta kezkak agertu badira ere, jaialdia aitzina jarraitzeko ilusioa agertu zuten biltzar nagusira bertaratutako 80 laguntzaileek. Giro aldetik ere, Arrosako denborako langa, pixkanaka urruntzen joan bada ere, azken edizioko hobekuntzak ilusioa berpiztu du. Jaialdia egokitu eta aldatu behar dela onartu bazuten ere, gaur egungo filosofiari eta oinarriei tinko eustea erabaki zuten biltzar nagusian, 2009rako proiektu berri baten inguruan lan eginda: «Festibala, Euskal Herriko errelitatea eta arazoak erakusteko ospatzen den festa musikala da. Hori da gure oinarria» erran zuen, erraterako, Peio Labeyrie Administrazio Kontseiluko kideak.

Jaialdia arnasberritzeko, 2009rako proiektu berria eratzea erabaki zuten. Hainbat proposamen egin zituen Administrazio Kontseiluak, eta lan talde horrek ildo horiek garatu eta biltzarkideen adostasuna lortuko duen proiektua proposatu beharko du orain. Lekuari dagokionez, biltzar nagusiak lan taldearen lehen emaitzen zain gelditzea erabaki zuen. Horrela, abenduko ohiko biltzar nagusian, aukerak aztertu eta 2008ko jaialdia Zuberoan ala beste nonbait egingo den erabakiko dute.

Arnasberritzea, Aurore Martin EHZko Administrazio Kontseiluko kidearen arabera, «gazteak proiektuarekin identifikatzea eta harekin lotzea» lortuta etorriko da. Biltzarrera hurbildutako kide anitz, Jean François Lefort kasu, zentzu beran aritu ziren. Proiektura kide berriak sartzeko lehen aukera Hazparneko arditegi egunetan izango da. Urriaren 20an eta 21ean iraganen dira egun horiek. Bertan, jaialdiak jarraitu beharreko filosofiari eta mamiari buruz eztabaidatu, eta hurrengo urteetako arnasberritzearen ildo nagusiak zehaztuko dira.

Azkenik, EHZko Administrazio Kontseiluak, kide berriak jaialdiko antolakuntza taldeetan sartzera deitu zituen. Lan talde guztietan partaide berriak sartzea proiektuaren arnasberritzearen aldarri gisa ikusten dute EHZko antolatzaileek.

LEKUALDAKETA

2009rako proiektu eraberritu baten inguruan lan egitea onartu dute EHZko langile eta laguntzaileek. Abenduko Ohiko Biltzar Nagusian, aukera ezberdinak aztertu eta 2008ko jaialdia Zuberoan egitea edo beste leku batera joatea erabakiko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo