GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alderdian jarraitzeko deia egin die PSNko zuzendaritzak kritikoei

Alderdi barrutik eta batuta lan egiteko eskatu die Samuel Caro Antolaketa idazkariak Nafarroako Gobernuaren osaketaren erabakiarekin ados ez dauden kideei eta plataforma bat eratuko dutela iragarri dutenei.

p015_f02_097x136.jpg

GARA |

PSNko kritikoei alderdian jarraitzeko eta «Nafarroan aldaketa politikoaren alde» elkarrekin lan egiteko deia egin zien atzo Samuel Caro Antolakuntza idazkariak. Izan ere, igandean PSNko kide eta kide ohi batzuk plataforma politiko berri bat sortuko zutela iragarri zuten Ablitasen, eta horiei erantzun zien Carok ohar baten bidez.

Nafarroako Gobernua Nafarroa Bairekin eta IU-NEBekin osatzeko debekuaren kontra dagoen militante multzo batek batzarra egin zuen igandean, eta dagoeneko hainbatek PSNko kide izateari utzi diote. Are gehiago, hurrengo egunetan urrats hori emateko asmoa zutela adierazi zuten beste zenbaitek eta Nafarroako Aldaketaren Aldeko Plataforma izeneko talde berria sortzekoa ere bai.

Carok, ordea, PSNk ez duela militante bakar batek ere alderditik alde egiterik nahi nabarmendu zuen prentsa oharrean. Hain zuzen ere, Carlos Chivitek zuzentzen duen alderdiaren borondatea batuta eta elkarrekin «etorkizunerako lanean» jarraitzea dela esan zuen eta, horregatik, militante kritiko guztiei «hausnarketa lasaia» egiteko eta lanean elkarrekin aritzeko galdegin zien.

Antolaketa idazkariak gaineratu zuenez, «ilusioa galtzetik sortutako desadostasuna errespetatzen dugu, baina ez interes partikularretatik sortutakoa», adierazi zuen, bere iritziz «desadostasunean jarraitzeak ez baitu etorkizunean konponbide bat lortzeko ezertarako balioko». Horregatik, «orain inoiz baino gehiago» PSNko kideek «batera lan egin behar dutela» esan zuen eta prest agertu zen batzarrak egiteko Nafarroako Gobernua UPNren eskuetan uztearen aurka agertu diren udal talde guztiekin.

Carok alde horretatik adierazi zuenez, beren helburua «erabakiaren arrazoiak» batera hausnartzea eta militantzia osoaren iritziak ezagutzea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo