Laborantza Ganbarak hirugarren sasoiari ekin dio oztopoen gainetik
Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) hirugarren sasoira iritsi delarik, Administrazioarekiko liskarrak epaitegien aitzinean daude oraindik. Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakaria prozedura «bururaino» eramateko prest azaldu da. Herriko Etxeen diru laguntzen baliogabetasuna ezerezean uztea eta eragile pribatuen donazioak zergetatik kendu ahal izatea eskatzen du EHLGk.
Eneritz ZABALETA |
Hirugarren denboraldiaren aurkezpena egin zuten atzo, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako (EHLG) kideek. Hirugarren denboraldian sartzear dagoen honetan, baina, Estatu frantseseko administrazioen inolako aitorpen ofizialik gabe jarraitzen du Ganbarak. Horrez gain, administrazioaren hainbat adarrek EHLGren aurka dituzten liskar juridikoek berean jarraitzen dute. Bi dira EHLGk Estatuko administrazoarekin dituen gatazka juridikoak. Lehenik, 2005ean prefetak Herriko Etxeen diru laguntza publikoak deuseztatzearen kontra altxatu zen EHLG. Gero, administrazio fiskalak, eragile pribatuek EHLGri egindako donazioak zergetatik kendu ahal izatea errefusatu zuen. Erabakiaren aurka EHLGk salaketa jarri zuen administrazio epaitegian. Bi aferak epaiketaren zain daude oraindik.
Mixel Berhokoirigoin, EHLGko lehendakariak, prefetaren erabakiaren aurkako prozedura zertan den azaldu zuen atzo: «2005. urterako 26 Herriko Etxek diru laguntza eman ziguten. Laguntza horiek ezerezean uztea erabaki zuen prefetak, EHLGren lanak herriarentzat interes orokorrik ez zeukala argudiatuta. 2006ko otsailean, Administrazio Epaitegiak prefetaren erabakia berretsi zuen. Baina, aldi honetan gure lanak interes komunala duela onartu zuen, laguntzak ezerezean uzteko arrazoia `interes komunala ez dela nahiko garrantzitsua' izan baitzen. Orain, afera Dei Auzitegi Administratiboan epaituko da, eta espero dugu gure lanak Herriko Etxeetan duen interesa osoki onartuko dela eta diru laguntza publikoak jasotzen utziko digutela». Berhokoirigoin, Dei Auzitegiaren erabakia kontrakoa bada, «bururaino joateko» eta, beraz, afera Parisko Estatu Kontseilura eramateko prest azaldu zen. Berhokoirigoinek gogorarazi zuen, 2006. eta 2007. urteetarako 20 Herriko Etxek diru laguntza eman diotela Ganbarari, baina prefetak, epaitegietako prozedura bururatu arte, ezerezean utzi dituela laguntza horiek.
Donazio pribatuen kontra
Horiek hala, EHLGren liskarrak ez dira esparru horretara mugatzen. Ganbararen aitorpen ofizial eskasaren aitzinean, «EHLGko Lagunak» elkartea sortu zen, eragile pribatuen diru laguntzak biltzeko. Patxi Noblia, elkarteko lehendakariak argitu zuenez, 2007ko aitzinkontuaren herena elkarteari esker finantzatzen du EHLGk, hau da, 180.000 euro.
Bada, 2006ko abenduan administrazio fiskalak eragile pribatu bati donazio hori bere zergetatik kentzea eragotzi zion. Elkarteak epaitegietara jo zuen, administrazio fiskalak ez baitu horrelakorik egiteko eskumenik: «Donazioak zergetatik ez deduzitzeko, administrazioak donatu zaion elkarteak interes publikoko lanik ez duela betetzen frogatu behar du. Kasu honetan, horrelakorik ez du frogatu oraindik». Hilabete honetan, Administrazio Epaitegiak afera horri buruzko erabakia publikatu beharko luke, epaiketa irailaren 6an iragan baita.
Oztopoak oztopo, EHLGk hazten jarraitzen du. Jada 11 langile daude Ganbaran, eta 450.000 euroko aitzinkontua Ipar Euskal Herriko diru laguntza publikorik gabe ixtea lortu du aurten. Bi heren Mendikoa enpresak, Eusko Jaurlaritzarekin lan egiten duenak, eta «EHLGko Lagunak» elkarteak ematen diote, eta azken zatia autofinantziazioak.
Urteak aitzina joan ahala, bere lan esparrua zabalduz doa EHLG. Sorreran abiatutako lan sailei eutsiko die aurten Ganbarak, eta berri bat irekiko ere, artzaintzari buruzko saila sortu baitute aurten. Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakariak azaldu zuenez, bi zeregin ditu EHLGk: lehenik laborantzari buruzko datu estatistikoak batu eta publikatzea, eta bestetik hainbat proiektu aitzina eramatea. Zeregin horiei erantzuteko, lau lan sailetan antolatua da Ganbara. Lehena, aholku zerbitzua da. Bertan, etxaldeak sortzeko, kalitate labelak lortzeko, ingurumenari buruzko araudiak errespetatzeko... egin beharreko inbertsio eta desmarxei buruko laguntza ematen du EHLGk. Horrez gain, Europar Batsuneko PAC laguntzak jasotzeko aholkularitza ematen du Ganbarak, sail berezi baten barnean. Hirugarren saila, bazkaren ingurukoa da. Bertan, laborariaren autonomia segurtatuko duen bazken kudeaketa ekonomikoa bultzatzen du EHLGk. Azkenik, artzaintzako alorrean espezializaturiko sail bat zabaldu du aurten Ganbarak.
Sail horren lehen emaitza, urriaren 17an eta 18an Saran eginen duten «Latxa eta Manech ardi arrazen mugaz gaindiko minitegia» da. Bertan, Euskal Herri osoko hiru ardi gazta sor-marketako (Ossau-Iraty, Idiazabal eta Erronkari) laborariek haien egoera azaldu eta lan tailerrak osatuko dituzte norabide bateratuak definitzeko.
Urteko beste hitzordu garrantzitsua, otsailan iraganen den Lurrama laborantza saloia izanen da. Aurten Glain etorbidean, eta Chaho gunean egingo dute.
Azkenik, bazkaren inguruko bi egun egingo dituzte. Lehenengoa, irailaren 12an izango da eta bazken kudeaketari buruzko hitzaldiak eginen dira, eta, bigarrenean, urriaren 17an, bazken sabai lehortze teknika aurkeztuko da.