GARA > Idatzia > Arrauna

Kontxako Banderako ajea

Gau alaitsu baten ondoren goiz tristea etorri ohi da

Oriotarrek merezita ospatu zuten garaipena, nahiz eta ezustekoren bat gertatu bandera preziatuarekin

p042_f02_097x108.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Ospakizunez beteriko egun alai baten ondoren, hurrengo egunean goiz tristea jasan behar izaten dela esaten dute. Hori gertatu zitzaien Orioko arraunlari eta kide guztiei atzo. Izan ere, Kontxako Bandera preziatua desagertu zen goizeko lehen orduetan Orioko udaletxetik.

Herriko alkate Jon Redondok banderaren falta sumatu zuen bertan. Dei batzuk egin zituen altxorra aurkitzeko eta azkenean bere kokalekua zein zen deskubritu zuen. Aipatu zuenez, kirol zinegotziaren bulegoan zegoen giltzapean inork saria lapurtu ez zezan.

Baina, ekaitzaren ondoren, barealdia iritsi zen Oriora eta arraunlariek eta herritarrek festa jarraitu ahal izan zuten.

Kontxako Bandera herriko udaletxean geratuko da taldeko egoitzara eraman aurretik. Horrela, herriko jendeak sariaz gozatu ahal izango du egun hauetan. Jubilatuek, esaterako, aukera ederra izan zuten atzo banderarekin argazkiak ateratzeko.

Hedabideen oihartzuna

Atzoko hedabideak San Nikolas ontziak Kontxako Banderan lortutako hogeita hamaikagarren garaipenaz mintzatu ziren. Denek txalotzen zuten oriotarrek izandako bi igande bikainak. Traineru guztiek zekiten 10 segundoko abantaila nahikoa izan zitekeela bandera irabazteko, baina igandeko hasiera eman baino lehen, eragozpen txiki bat nabari zen: lehen kalean ateratzea.

Kale txarra omen da lehena, edo agian psikologikoki txarra. Baina ez zen nabari oriotarren ontzian. Itsaso lasai eta haizerik gabekoan, gipuzkoarrek hasieratik hartu zuten abantaila eta ez zioten aukerarik eman Urdaibairi eta Hondarribiari.

Beste alde batetik, Urdaibaik edo Hondarribiak ziabogan Orio baino lehen atera behar zuten aukerak izatekotan, baina hori ere ezinezkoa izan zen. Hiru segundoko tartea atera zion San Nikolas ontziak bere aurkariei, azken zuzena erritmo ikaragarrian amaituta. Minutuko 36 paladako erritmoa erabili zuten eta azken txanpan handitzeko indarra ere izan zuten.

Orio alde batera utzita, hedabideek beste taldeak ere laudatu dituzte. Eta ez da gutxiagorako. Denek eman zuten maila ederra Kontxako banderaren egun handian. Azken momenturaino ahal zuten indar eta adore guztia eman zuten, eta hori txalotzekoa da.

San Miguel Liga asteburu honetan itzuliko da

Hiru aste pasa ondoren, KTE Liga asteburu honetan itzuliko da lehiaketara. San Miguel Ligara igotzeko kanporaketarekin bat eginda, Gorlizen eta Bermeon izango dira bi probak. Urdaibaik denboraldi onari eutsi nahiko dio, baina aurkari sendoa izango du: Orio, Kontxako irabazlea.

KTE kanporaketak Gorlizen eta Bermeon

Euskaldunen eta galiziarren arteko kanporaketa San Miguel Ligara igotzeko Gorlizen eta Bermeon izango da asteburu honetan. Horrela, Getaria Indauxek eta Pasai Donibanek Tiran eta Meira izango dituzte aurkari. Larunbatekoa 16.00etan izango da eta igandekoa 11.30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo