Zorionak Kontxako uretan izan zareten traineru guztioi
Unai ARTETXE
Ezustekoei aukerarik eman gabe, denboraldiko banderarik garrantzitsuenak badu jabea. Iraileko lehen igandean trapua etxera bidean utzi zuen Oriok. Aurreneko pausoa emanda, bigarren estropada falta zitzaion ikurrina etxera eramateko ibilbide horretan. Aitortu beharrean nago ez nuela uste San Nikolasek hain eroso beteko zuenik bidea. Baina aurrenekoan egin bezala, bigarrenean ere horiak jaun eta jabe. Eta hala denean, besteek ez dute zer eginik. Onena izan dena txalotu, besterik ez. Eta igandean hori baino ezin izan zuten egin Kontxako badian izandako beste zazpi ontziek. Kiroltasun osoz, hori bai.
Aizperroren mutilek erakustaldia eman dute Donostian. Bai lehen jardunaldian eta bai bigarrenean ere. Kontxan gai-lentzeko gai zirela zalantzarik ez zegoen lehia hasi aurretik. Baina seguru asko, orain bi aste oso jende gutxik aurrez ikusiko zukeen horrelako garaipen erosoa lortuko zutenik oriotarrek. Horregatik guztiagatik, zorionak.
Nire zorionik beroenak uretan izan diren beste zazpi traineruei ere. Haiek ere uretatik kanpo izandako jaiaren eragile izan direlako. Urdaibaiko Bou Bizkaiari, gauzak zail izan arren beti garaipena eskuratzeko borrokan izan delako; Hondarribiko Ama Guadalupekoari, iazkoaren ostean urte zaila dutelako, baina beti bezala aurrean direlako.
Zarauzko Enbatari, nola ez, egunetik egunera are handiagoa delako; Pedreñako Mariari, lana taxuz egiten dutenetakoak direlako; Castroko La Marinerari, epaileen hutsari uretan erantzun ziotelako; Moañako Tirani, Galiziako ordezkari gisa lan txukuna egin duelako; eta Donostia Arraun anfitrioiari, beste maila batean izanik, burua makurtzen ez duelako. Guztioi, beraz, zorionak!