«Gomazko pilotak masaileko hezurra hautsi zidan»
Jalmar 26 urteko Dimako gaztea da. Igandean lagunekin batera Donostiara joan zen estropadetako giro onaz gozatzeko eta manifestazioan parte hartzeko asmoz. Baina eguna ez zuen ondo bukatu; ertzainek jaurtitako pilota batek aurpegian eman zion eta erietxean dago noiz operatu zain.
Gogoan al duzu nola gertatu zen dena?
Dena azkar pasa zen. Ni bulebarrean nengoen lagunekin manifestazioa noiz hasi zain eta, irten zenerako, lau pauso eman eta dagoeneko tiro hotsak entzuten hasi ziren. Jendea atzera eta aurrera zihoan korrika, handik ihesi, eta nik ere Alde Zaharrerantz joan nahi nuen, eromena zen hura. Adin guztietako jendea zegoen, emakume helduak... Eta korrika ari nintzela adineko emakume bat erortzen ikusi nuen, eta atzera begiratu nuen ea ondo zegoen ikusteko eta orduan gertatu zen dena. Ertzainek jaurtitako gomazko pilota batek aurpegian eman zidan, eskuineko aldean. Hala ere, nik ez nuen uste horrenbesterako izango zenik, mina nabaritzen nuen baina ez nion korrika egiteari utzi. Alde Zaharrera iritsi nintzenean eta bertan ikusi nindutenean ohartu nintzen zauriaz.
Nola joan zinen erietxera? Zure kabuz ala anbulantziaz ?
Behin Alde Zaharrean sartuta, jendea nirekin izutu egin zen, aurpegia erabat handituta nuen eta emakume batek handik ateratzen lagundu eta osasun etxera eraman ninduen. Ondoren, ospitalera joan nintzen eta han nago orain. Gomazko pilotak masailalbo-hezurra hautsi zidan eta orain hantura jaisteko zain gaude ebakuntza egin ahal izateko. Medikuek diote seguru asko bihar (gaurgatik) egingo didatela eta, bitartean, ingresatuta jarraitu behar dut.
Komunikabideak esan eta esan ari dira zauritu larriena ertzain bat zela.... Zer iritzi duzu zaurituen inguruan esandakoaz?
Hori salagarria da, eta faltsukeria bat da. ETB eta bestelako komunikabide guztiak ertzain bat oso larri zegoela esaten aritu dira, eta hori ez da egia. Nik ertzain hori ikusi nuen eta ez zuen deus, ebakuntza txiki batzuk baina besterik ez eta, gainera, alta jaso du dagoeneko. Eguerdi eta arratsalde partean manifestari eta herritar ugari ibili ziren han hemenka ospitaletik, batzuk besoa hautsita, besteak jostura puntuak behar... Eta horren inguruan ez du inork ezer esan, lotsagarria da.
Oihana LLORENTE