GARA > Idatzia > Ikusmira

Madrildik datozen txalo esanguratsuak

Madrilgo Gobernuko ordezkariek Ertzaintzari eta Lakuako Gobernuko Barne sailari atzo eskainitako txaloak esanguratsuak dira. Izan ere, ez dira harritzekoak, igandean Donostian deituta zegoen manifestazioa debekatuta eta areago haren kontra oldartuta, Javier Balzaren Sailak Madrilen estrategiarekin bat datorrela erakutsi baitzuen. Jarrera hori kezkatzeko modukoa da alderdi politikotik begiratuta, baina kezkatzekoa da, halaber, alderdi humanotik begiratuta. Atzo hedabide guztiek esan zuten igandeko istiluak larriak izan zirela, baina haietako gehienek larritasun hori istiluen ondorioz ospitalera eraman zuten ertzain baten egoerara mugatu zuten. Ez da hain larria, antza denez, Ertzaintzaren kolpeen ondorioz hamar herritarrek ospitalera jo behar izana. Haietako bi oraindik ospitalean daude, bat Zaintza Berezietako Unitatean, bihotzekoak jota, eta bestea egin behar dioten ebakuntzaren zain. Gazte horren egoera aurpegi deformatuaren argazkiak azaltzen du ondoen. Ertzaintzak igandean erabilitako bortizkeria, edonondik begiratuta, justifikaezina da. Beharbada Barne sailburuak, azalpenak eskatuta, Ertzaintzaren erasoa neurrikoa izan zela esango du, baina manifestazio baketsu hura nola jipoitu zuten ikusi duen edonork ezingo du adjektibo hori erabili. Eta Ertzaintzaren jarduna neurrikoa izan balitz, nekez entzungo genituzkeen atzoko txaloak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo