GARA > Idatzia > Gutunak

Julio Villanueva Villanueva Itoizko solidarioa, Iruñeko espetxetik

Urtegi faxista eta urtegi demokratikoa

Lehenbizi, lurrik emankorrenak eta zokorik ederrenak ebatsi, handik gutxira zeharo txikitzeko; gero armen indarrez herriak utzarazi eta hainbat kasutan lurreratu; segidan, urpean gelditu diren errepideak ordezkatzerakoan lur gehiago birrindu, eta politikariak zein hormigoi enpresak herri xehearen kontura aberasten diren bitartean, oposizioa isilarazi eta zigortu.

Hauxe da urtegi proiektu guztien kate zitala. Hauxe da Itoitz eta Esan gertatu dena. Esa faxismoaren garaian gauzatu zen. Itoitz, berriz, demokrazia deitzen duten egungo sisteman. Eta Esaren handitzea hibrido bat izan daiteke.

Baina funtsean, urtegi guztiak berdinak dira, bilakaera bera izan dutelako. Uste berekoa da Amalurra ere, batean zein besteak ezezko erantzuna eman baitu: lurrikarak eta burrunbak Itoizkoan, lerratzeak eta pitzadurak Esako handitzean.

Dena den, garaiak aldatu dira eta oraingo agintariek urtegiak justifikatzeko arrazonamendua itxuraldatu dute, egun, berde kolorea oso estimatuta dagoelako. Gauzak horrela, garapen iraunkorra ziurtatzeko ezinbestekoak direla eta ingurugiroa errespetatzen dutela esaten dute, jakina.

Baina hau guztia gezurra da. Orain kapitalismorik xahutzaileena bermatzeko baino ez dute balio urtegiek, ur asko behar baitute transgeniko eta bioerregaietan oinarritutako nekazaritza industriala sustatzeko, golf zelaiak eta Expo Zaragoza bezalako behar elitistak asetzeko eta, orokorrean, kontsumokeria helburu duen bizimodua ahalbidetzeko.

Urtegi hauek gure bizitza mehatxatzen duten bezala, euren atzean dagoen sistema globalizatuak gure etorkizuna du mehatxatzen.

Beste bizimodu bat posible, beharrezko eta nahitaezko delako Amalurrarekin bat egin dezagun urtegi hauen aurkako borrokan. Atxik bizkor!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo