GARA > Idatzia > Kultura

Amestea edota esnatzea?

Dorleta URRETABIZKAIA, Aktorea eta idazlea

Kameleoia omen da amets egiten duen odol hotzeko animalia bakarra. Eta australiar ornitorrinkoa, berriz, ametsik egiten ez duen odol beroko animalia bakarra. Gu odol berokoak garenez, gauero amesten omen dugu, zazpi bat aldiz. Lo ordu asko dira. Gau asko bizi ditugu gure bizitzan zehar. Hogeita hamar urte ematen omen ditugu lotan, gutxi gorabehera. «... Porque la vida es sueño, y los sueños... sueño son...», esan zuen Calderon- ek...

Zortzi ordu lo egin behar omen dira egunero. Guztiok egiten dugun gauza da. Autoak gasolina behar duen bezala. Ohera sartu orduko hastear egongo den bidaia misteriotsua bakardadean izango da. Heriotza bezala. Begiak itxi eta egunaren intentsitatearen araberako ideia zurrunbilo nahasia iragan ostean, kontzientzia bigarren maila batean geratuko da. Hamabost bat minutu igaro ondoren, lo sakonago batera sartzen omen gara, eta handik ordubetera, REM fasera. Hau da, ametsetara. Aurreikusterik ez dagoen leku horretara... Gure eguneroko kontrolak ezertarako balio ez duen leku eta denborara...

Kontzientearen eta subkontzientearen ateak zeharkatu eta inkontzientean barna sartu gara. Nora ote garamatza gaueroko bidaia honek?... Gure desio, behar, amets, frustrazio, iragan, orain eta gerora garamatzala diote. Baina zertarako bidaiatzen dugu gauero? Badirudi bidaia hau beharrezkoa dela eguneroko gertakizunak nolabait asimilatu eta gure ordenagailu pertsonalak, gure garunak, guzti-guztia sailkatu, neurtu, gorde eta ordenatu ahal izateko. Eta zer dago bertan? Gu, zu eta ni. Inkontziente kolektiboa. Gu guztiak. Hasieratik gaur arte. Eta zu. Sortu zinen memento beretik hau irakurtzen ari zaren mementora arte. Eta zertara dator zutabe hau? Sormena ere leku horretan dagoela esaten dutelako. Ezerezetik zerbait sortzeko gizakiok dugun gaitasun hori, inkontzientearen ur sakonetan murgiltzen delako. Basamortutik ura ateratzea delako. Artearen iturria delako. Antzerkiaren etxea delako.

Baina zortzi orduak igaro ondoren, itsaso sakonetik atera eta guztia ahanzten dugu sarri. Gauero, gure garunean gertatzen den ikuskizun misteriotsua inkontzientearen sakontasunean ezkutatzen da. Antzerkia mementoan bizi eta hiltzen den bezala... Baina aukerak behin eta berriro errepikatzen dira eta gaur gauean, berriro gertatuko da, eta bihar, eta etzi, eta etzidamu... «... Porque la vida es sueño, y los sueños... sueño son...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo