18/98ko auzipetuen aldeko mobilizazioa debekatzea eskatu du PPk
GARA |
PPren bozeramaile Carlos Urquijok gaur Bilbon EAEko Justizia Auzitegiaren aurrean 18/98 sumarioko auzipetuek egingo duten elkarretaratzea debekatzeko eskatu zion atzo Javier Balzak zuzentzen duen sailari.
Urquijoren aburuz, 18/98an auzipetutakoen «gehiengoa ETA erakunde terroristak zuzentzen dituen legez kanpoko elkarteetako kideak dira» eta horregatik, Barne Sailari helarazitako idatzian azaldu zuenez, «deialdia egin dutenek epaiketaren buruan izan dituzten trabaz kexatu nahi baldin badira, ez litzateke arraroa izango istiluak sortzea elkarretaratzean».
PPeko kideak elkarretaratzea «debekatu eta egiten ez uzteko» eskatu zion Balzari. Urquijok gogoratu zuenez arrazoi berberak erabili zituen Barne Saileko arduradunak «irailaren 9an Donostian legez kanpoko erakunde Askatasunak deitu zuen manifestaziora».