Iruñeak uko egin dio Lakuak proposaturiko erakunde partekatuari
GARA |
«Euskararen alde elkarlanean aritzeko» eta euskararen erabilera sustatzea helburu izango lukeen erakunde bateratua eta iraunkorra osatzea proposatu dio Lakuako gobernuak Iruñekoari. Bakoitzaren instituzioekiko eta administrazio egiturekiko errespetutik abiatuta, «gobernu bien hizkuntz politiken koordinazioa» lortuko luke erakunde berri horrek, Lakuaren ustez.
Gasteizko gobernuko Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak atzo esan zuenez, «muga guztien gainetik, partekatzen dugun ondasuna dugu euskara» eta, «zentzu honetan, Nafarroako Gobernu berriak pauso handiak ematea» espero du.
Oso denbora gutxira, atzo arratsaldez, hain zuzen, ezezko borobila eman zion Iruñeko Gobernuko Hezkuntza sailburu Carlos Perez Nievasek, goizez Baztarrikak eginiko proposamenari.
Koordinazio zuzendari Erramun Osarekin eta Hizkuntz Politikarako aholkulari Lorea Bilbaorekin batera Bilbon emandako prentsaurrekoan, Euskal Herriko alde horretan euskara berreskuratzeko «prozesu etengabekoa eta mailakatua» nabarmendu zuen Baztarrikak.
«Erabilera handiagoa»
Hizkuntz Politikarako sailburuordearen hitzetan, «gero eta hiritar gehiagok ezagutzen dute euskara eta erabilera gero eta zabalagoa da. Gainera -gehitu zuen-, hizkuntzak gero eta esparru gehiagotan du presentzia eta ia guraso euskaldunen %100 transmisioa bermatzen du».
Patxi Baztarrikaren ustetan, badira hainbat arrazoi, «pozik egoteko, baina bide luzea dugu egiteko.
Gaur egun, euskaraz bizi nahi duten hiritarrek zailtasunak dituzte oraindik, dudarik gabe» eta horren aurrean, euskararen presentzia eta erabilera zabaltzeko «gizarte osoaren konpromiso irmoa eta gehiengoaren atxikimendua beharrezkoak dira», esan zuen sailburuordeak.